Iñaki Oiartzabal PPko Arabako lehendakariak EAJren jarrera salatu du. Jakinarazi duenez, EAJ De Miguel auziarekin lotutako enpresa zenbaiten onuran ari da lanean, eta hainbat kontratu adostu dituzte haietako batzuekin. «Susmagarria eta onartezina da Gasteizko Udala eta EAJrekin lotura duten zenbait administrazio gertaera mafiosoko enpresekin zenbait kontratu adosten egotea», esan du Oiartzabalek; eta, gaineratu duenez, azalpenak eta erantzukizunak eskatuko dizkie Arabako Foru Aldundiari, Arabako udalei eta kuadrillei. Helburua «lehentasunezko harremanarekin» bukatzea dela nabarmendu du Arabako PPko lehendakariak.
Ustezko kasu bat izan du gogoan Oiartzabalek. Ohartarazi duenez, Bastidako Udalak (Araba) Hiri Antolamenduko Plan Orokor bat adostu zuen aurreko legegintzaldian Stoa enpresarekin, eta gehitu du enpresa hori dela De Miguel Auzian «kontratu irregularrengatik eta komisioengatik» salatu dituztenetako bat. «Udaleko kontraturik handiena ustelkeria kasuan salatutako enpresa batekin adostu izana eskandalagarria da». Jakinarazi du asteazkeneko osoko bilkuran kontratu horren deuseztatzea eskatuko dutela, eta EAJk auziko enpresekin izan dezakeen harremana ere salatuko dute.
Miñaoko parke teknologikoa
Stoa enpresak zuen Miñaoko (Araba) parke teknologikoa handitzeko hirigintza plana egiteko ardura, baina Arabako Teknologia Parkearen Administrazio Kontseiluak bertan behera utzi zuen kontratua, joan den abenduan. Hain zuzen ere, Arabako Probintzia Auzitegiak ebatzi zuen legez kanpo adjudikatutako kontratu bat zuela, eta, beraz, «baliorik gabe» utzi zuen. Oiartzabalek Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiari leporatu zion ustelkeria sareari lotutako enpresekin lanean jarraitzea.