Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea, Zigor Kodearen erreforma eta «terrorismo jihadistaren kontrako ituna». Espainiako Kongresuak aipatu hiru araudi aldaketak onartu zituen atzo, arratsalde berean. Horrenbestez, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak jakinarazitakoaren arabera, uztailaren 1etik aurrera indarrean egongo dira aldaketa horiek. Lehen biek, Herritarren Segurtasunerako Legeak eta Zigor Kodearen aldaketak, PPren botoak soilik izan zituen. Hirugarrenak PSOE, UPN, Coalicion Canaria eta Foro Asturiasen babesa izan zuen.
Fernandez Diazek defendatu egin zituen lege erreforma guztiak. «Zenbat eta segurtasun handiagoa, orduan eta askatasun gehiago izango dugu». Halaber, oposizioko talde guztiei eskerrak eman zizkien, «desadostasunetik legea egiten laguntzeagatik».
Oposizioko alderdi guztiek bizkarra eman zioten PPri, bai Zigor Kodearen aldaketan, bai Isilarazteko legea izenez ezagun egin den arauari dagokionez ere. Berriz azter daitekeen bizi guztiko espetxe zigorra Espainiako Konstituzioaren aurkakoa den susmoa agertu zuten zenbait alderdik, baita iragarri ere helegitea aurkeztuko dutela horren aurka. Dena den, guztiek adierazi zuten aipatu bi legeak bertan behera uzteko asmoa, PPk gehiengo osoa galtzen duenean.
Faltak desagertuta, arazoak
Bi arau horiek elkarren osagarriak direla berretsi zuten oposizioko taldeek. Besteak beste, Zigor Kodearen aldaketan faltak desagertu dira; falta gisa hartzen ziren ekintzen %40 delitu bihurtuko dira, eta beste %60 arau-haustetzat joko dira. Arau-hauste horiek Herritarren Segurtasunerako Legeak hartuko ditu. Emilio Olabarriak (EAJ) horren ondorioaz ohartarazi zuen: «Faltak kentzearen ondorioz, herritarrak administrazio prozesuen menpe uzten ditu, eta hori ez da zigor prozesua bezain bermatzailea».
Xabier Mikel Errekondok (Amaiur) esan zuen Espainiako Gobernua estatu osora zabaltzen ari dela Euskal Herrian erabilitako jokamoldea. «Gaur egun manifestaldi baketsuak kolpeka lehertzen badituzte, zertara ez ote da gobernua ausartuko aldaketa hauek onartuta?». Gogorarazi zuen Nazio Batuen Erakundeko kontalariek horretaz ohartarazi zutela duela hilabete: lege aldaketek herritarrek oinarrizko eskubideak urratzeko arriskua handitzen dutela, hain zuzen ere.
Uxue Barkosek (Geroa Bai) PPri leporatu zion alderdi guztien asmoen aurka onartzea lege aldaketak. «Ez duzue arrazoiaren indarra, gehiengo absolutuarena baizik». Rosa Aguilarrek (PSOE) PPren bigarren pausotzat jo zituen lege aldaketak; hau da, «murrizketa sozialen» bitartez pobrezia areagotu ostean, eskubide eta askatasunak «modu basatian» urritzen ari da PP. Dena den, PSOEk Terrorismoaren aurkako itunaren baliagarritasuna defendatu zuen.
PPren esanetan, ordea, «herritarren eskariei» erantzuten diete lege aldaketa guztiek. Conrado Escobar diputatuak baieztatu zuen Herritarren Segurtasunerako Legeak demokrazia eta elkarbizitza «indartu» egiten dituela.
PPk eskubide gutxitzea onartu du bakardadean
Bizi guztiko espetxearen aurkako helegitea iragarri dute zenbait alderdik.Oposizioak aldaketak baliogabetzeko asmoa agertu du, aho batez.PSOEk «terrorismoaren aurkako ituna» babestu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu