Ana Mato PPko Antolakuntza idazkariordeak eta PPren Espainiako hauteskunde orokorretarako kanpainako arduradunak azaldu du PP «guztiz kontra» dagoela Bildu Espainiako hauteskundeetara aurkeztearekin. Hori dela eta, Espainiako Gobernua hori «eragozteko» lanean arituko dela espero du, nahiz eta zalantza duen Espainiako Gobernuak eta PSOEk hala nahi duten.
Izan ere, horren harira azken egunetan Espainiako Gobernuko eta PSOEko hainbat kidek egindako adierazpenak «nahasgarriak» direla adierazi du Matok, eta horregatik, esan du Espainiako Gobernuari eta PSOEri «galdetu» beharko litzaiekeela ea nahi duten Bildu hauteskundeetan egotea. Hori hala, Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak esan du PPren gobernu bat «oso ondo» etorriko litzatekeela ETAk « jakin dezan armak uztea eta eragindako mina onartzea beste aukerarik ez duela».
PPko idazkariordeak azaldu du, gainera, PSOEk egindako «bitariko» adierazpenekin herritarrek ezin dutela jakin PSOEko alderdikideak «pozik dauden edo ez» Bildu legezkoa delako, edota «Espainiako hurrengo hauteskunde orokorretara aurkezten utziko dieten».
Bildu Espainiako Gorteetako hauteskundeetara aurkeztea «eragozteko», Espainiako Estatuko Fiskaltza Nagusia eta Estatuko Abokatua «Bilduko kideak egiten ari diren azken ekitaldi eta manifestazioetako datu guztiak» biltzen ariko direla espero du PPk.
«Bakearen enbaxadore»
Horrez gain, Basagoitik, Alfredo Perez Rubalcabari erreferentzia eginez, azaldu du azken horrekBilduko kideak «zintzotu» egin zirela defendatu zuela, eta «haien fanatismoa» elikatu duela «bakearen enbaxadore izendatuz».
Gainera, Basagoitik salatu du Espainiako presidenteak ez dizkiola «ezin nahasizko mezuak» bidali Bilduri: «Espainiako Gobernuak askoz gehiago egin beharko zukeen Bildu harrotu ez zedin».
Horregatik, esan du Bilduk «arazoak» izango dituela baldin eta orain arteko jarrerari eusten badio, eta mezua bidali dio: «Orain arte bezala jarraitzen badu, prestatu dadila Bildu!». Hori horrela, gaineratu du Bildu legez kanpo uzteko «argudioak» badaudela «terrorismoa gaitzesten eta izuarekin duten harremana baztertzen ez duten bitartean».
Era berean, Basagoitik adierazi du Zapatero, Rubalcaba edo Blanco «domina jartzen pentsatzen» ikusten dituela «ETArekin amaitzeagatik», eta, bere iritziz, «hori ez da domina kontua, baizik eta betiko ETArekin amaitzea».
Nolanahi ere, EAEko PPk eta PSE-EEk sinatutako oinarrizko akordioaren alde egin du Basagoitik, eta esan du «hori hobeto joango dela hitzartutakoa betetzen denean: ETAren asmo politiko guztiak garaitzen direnean».
PPk espero du lanean ariko direla Bildu bozetan egotea «eragozteko»
Basagoitik dio PPren gobernu bat «oso ondo» etorriko litzatekeela ETAk «armak utz ditzan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu