NAFARROA

PPk irabazi ditu bozak Nafarroan, eta EH Bildu da bigarren indarra

Tafallan lehen indarra izan da EH Bildu. Orkoienen, Antsoainen eta Agoitzen ere bai.

jon ordonez garmendia
2014ko maiatzaren 26a
11:46
Entzun

UPN ez da aurkeztu Europako hauteskundeetara, eta horrek ateak ireki dizkio PPri lehen aldiz (izen horrekin) Nafarroan lehen indar politiko gisara agertzeko. 53.646 boto jaso dituzte popularrek, guztira emandakoen %25, eta garaipen argia eskuratu dute.

Nabarmentzekoak dira, ordea, EH Bildu koalizioak zenbait herri eta auzotan eskuratu dituen emaitzak. Ia 43.000 boto lortu dituzte, emandako botoen %20, eta emaitza horiekin UPNren gobernua ez den beste bat osatzeko hautagai nagusia izango da datorren urtean, Yolanda Barcinaren oraingo agintaldia amaitzen denean. Are eta gehiago, UPN eta PP banatuta aurkezten badira.

EH Bilduk irabazi egin du Antsoainen, Altsasun, Agoitzen, Aiegin, Atarrabian, Baztanen, Berriozarren, Burlatan, Donezteben, Etxarrin, Goizuetan, Irurtzunen, Izaban, Lakuntzan, Lekunberrin, Lesakan, Ziraukin eta Zigur Nagusian, eta bigarren izan da Barañainen, Eguesibarren, Lizarran, Noainen eta Zangozan. 

Iruñeko Sanduzelai, Txantrea eta Sarriguren auzoetan ere boz gehien lortu duen alderdia da EH Bildu, baina hiruburuko emaitza orokorretan, Nafarroan bezala, PP da garaile. Botoen %27 eskuratu dituzte popularrek. Bigarren indarra da EH Bildu, ia %20rekin.

Hirugarren indarra Nafarroan PSN izan da, botoen %14,51 eskuratuta. Beste lurralde batzuetan bezala, Podemos indartsu sartu da, botoen %9,35ekin, baina Nafarroan bosgarren indar politikoa da gaurko hauteskundeetan, Ezkerrak %9,51 eskuratu baitu. Geroa Bairen babesik gabe, EAJk 5.295 eskuratu ditu Nafarroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.