Asteazkenean atxilotutako Ernesto Prat nafarra aske uzteko eskatu dute ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek. Gernikako Akordioa sinatu duten indar politiko horien iritzian, Praten atxiloketa «oso gertaera larria» da. «Ez du herri honen gehiengoaren nahiarekin bat egiten, eta benetako bake iraunkor baten aldeko lanaren kontra doa», azaldu dute komunikabideetara igorritako ohar batean. Frantziako Poliziak asteazkenean atxilotu zuen berriozartarra, Urruñan. 2008tik bizi da Lapurdin, Guardia Zibilak Nafarroan ezker independentistaren aurka egindako sarekada batean ihes egin ondotik. Ekin-eko kide izatea leporatzen diote.
Atxilotu zuten egunetik Seysseseko espetxean (Frantzia) dago Prat, eta astelehenean hura estraditatzeko Espainiako Auzitegi Nazionalak egindako eskaera aztertuko du Paueko Auzitegiak. Egun horretan, 12:00etan, Espainiako Gobernuak Iruñean duen egoitzaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek.
Indar politiko horien arabera, Prati leporatzen dioten ustezko delitu bakarra da antolakunde politiko eta herritarretan parte hartzea. Gogora ekarri dutenez, 2008ko polizia operazio hartan atxilotutakoek «tortura latzak» salatu zituzten, eta hiru urtez izan ziren espetxean, epaiketaren zain. Gaur egun aske dira.
Prat bezala, «ideia politikoak defendatzegatik» preso dauden euskal herritar guztiak aske uzteko eskatu dute ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek. «Estatuek beren biolentzia politikoan eten egin behar dute, eta lehenbailehen konponbide prozesuan murgildu».
Nabarmendu dutenez, Aieteko Adierazpenak eta ondorenean ETAk jardun armatua eteteko hartutako erabakiak Euskal Herriak bizi duen «mendeetako gatazka politikoari» irtenbide demokratikoa eta behin betikoa emateko «aukera historikoa» ireki dute. Praten atxiloketak agertoki berri horretan lekurik ez duela salatu dute. «Ez du zentzurik estatu espainiarrak eta frantsesak iraganeko errezetak ezartzen jarraitzea, euskal herritarren eskubideen urratzaile diren errezetak». Indar politiko horien arabera, eragileen eta herritarren mobilizazioak mugiaraziko ditu estatuak.
Prat aske uzteko eskatu du Gernikako Akordioak
Astelehenean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute EAk, Aralarrek eta ezker abertzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu