Prat Espainiaratzeari buruzko epaia asteartean jakinaraziko dute

«Arduraz jokatzeko» eskatu diote epaileari elkartasunez epaiketan egon diren NaBaiko eta Bilduko parlamentariek

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Ernesto Praten aurkako euroaginduari buruzko epaia asteartean jakinaraziko du Paueko auzitegiko epaileak. Anartean, Seyssesko espetxean segituko du preso. Atzo goizean aztertu zuten nafarraren Espainiaratze eskaera, Pauen, eta prokuradorea euroagindua onartzearen alde agertu zen. Urtarrilaren 25ean atzeman zuen Frantziako Poliziak berrioztarra, Urruñan (Lapurdi), Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak 2008an luzatu prozeduraren harira. Ekin-eko kide izatea leporatzen diote. Berehala preso sartu zuten Seyssen. Pratek, haatik, leporatutakoak ezeztatu zituen atzo. Informazioak torturapean jasoak izanki, aintzat ez hartzea eskatu zion epaileari Maritxu Paulus-Basurko abokatuak.

Pauen egon ziren, elkartasunez, Nafarroako lau diputatu: Bilduko Maiorga Ramirezeta Bakartxo Ruiz, eta NaBaiko Xabier Lasa eta Asun Fernandez de Garaialde. Lasa, gainera, Praten herriko alkatea ere bada. «Espainiako agintariek ideia politikoen kontra daramaten politikari jarraipenik ez emateko» eskatu zioten epaileari, gutun bidez. Hari horri segituz, «arduratsu jokatzea» eta Pratek «pairatzen duen egoera injustua zuzentzeko neurriak hartzea» galdatu zioten.

Ilegalizazioen bukaera exijituz

Eskaera hori Euskal Herrian den aro politiko berriaren testuinguruan kokatu zuten. ETAk jarduera armatua behin betiko uzteko erabakia hartu duela-eta, orain «bakea eta demokrazia eraikitzeko bidean» ilegalizazioen bukaera premiazkoa dela azpimarratu zioten. «Ezinbestekotzat» jo zuten arduera politikoengatik preso direnak askatzea eta politika egiteagatik inor ez atxilotzea.

Hautetsi horiez gain, berrogeibat lagun bildu ziren epaitegira, sostengua adieraztera. Besteak beste, Okzitaniako Libertat mugimenduko kideak ziren bertaratuak.

Atxilotu zutenean, ezker abertzaleak, EAk eta AralarrekPraten aurkako «erasoa» salatu zuten, agiri bateratu baten bidez. «Ez du bat egiten herri honen gehiengoaren nahiarekin, eta benetako bake iraunkor baten aldeko lanaren kontra doa», azaldu zuten. Prati leporatzen dioten ustezko delitu bakarra antolakunde politiko eta herritarretan parte hartzea dela salatu zuten. Gogora ekarri zuten 2008ko polizia operazio hartan atxilotutakoek «tortura latzak» salatu zituztela, eta hiru urtez izan zirela espetxean, epaiketaren zain. Gaur egun aske dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.