Euskal presoak

«Prebarikazioa izango litzateke hirugarren gradua ez ematea»

ETAren biktimen elkarteen kritikei erantzun die Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak

Agentziak
Madril
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Josu Uribetxebarriari hirugarren gradua ezartzeagatik kritika ugari jaso ditu Espainiako Gobernuak, Espainiako zenbait komunikabideren eta ETAren biktimen elkarteen aldetik. PPren barruan ere guztiak ez dira ados Espainiako Estatuko Espetxe Zuzendaritzak hartu duen erabakiarekin. Kritika horiei erantzun zien atzo Jorge Fernandez Diazek, Espainiako Gobernuko Barne ministroak, Madrilen eginiko agerraldi batean.

Fernandez Diazek azaldu duenez, «oso gogorra» izan da Uribetxebarriari hirugarren gradua ezartzea, eta gaineratu du biktimen kritikak ulertzen dituela. «Legearen aginpidearen ondorioz hartutako erabakia izan da, eta kontrakoa prebarikatzea izango litzateke», adierazi du.

«Ezinegona sortzen dion lehenengo pertsona ni neu naiz», nabarmendu du Fernandez Diazek. «Legearekin ados ez egotea zilegi da, baina nire departamentuak legea bete egin behar du, hala egin ezean zuzenbide estatua urratuko genukeelako». «Eta gustatzen ez bazaigu, legea alda dadila», adierazi du.

Fernandez Diazek, halaber, gogoratu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek kaleratutako probidentzia bati erantzunez hartu zutela erabaki hori.

Barne kritikak

Espainiako Gobernuaren aurkako kritikak ugaritu egin dira azken egunetan, bereziki ETAren biktimen elkarte batzuen aldetik. Uribetxebarriaren gose grebari «amore ematea» leporatu diote eta «ezker abertzalearen estrategiarekin bat egitea». Jaime Mayor Oreja PPko eurodiputatuak, berriz, «ETAk eta alderdi sozialistak adostutako bide orria» bere egitea leporatu dio Espainiako Gobernuari. Fernandez Diazek ukatu egin du hori hala dela, eta «terrorismoaren aurkako borrokan» ez dela aldaketarik izango nabarmendu du.

Bestalde, Efe berri agentziak jakinarazi duenez, ETAren zazpi biktimak iragarri dute Espainiako Auzitegi Nazionalak Uribetxebarria baldintzapean aske uzten badu gose greba hasiko dutela Espainiako Barne Ministerioaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.