Prekarietatea «eragitea eta zabaltzea» da Administrazioaren apustua, LABen arabera

Gobernuek kalitateko enplegua bultzatzeko borondaterik ez dutela salatu du sindikatuak

2007ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Prekarietatea «neurrigabe» hedatzen ari da. Ez bakarrik enpresaburuentzat «onuragarri» delako, baizik eta Administrazioak «apustu politiko» hori egin duelako. «Ez du kalitateko enplegua bultzatzeko borondaterik», LABeko idazkari nagusiaren alboko Ainhoa Etxaideren arabera. «Prekarietatea eragiten, hedatzen eta eskaintzen ari dira bai Euskal Herriko bai Espainiako agintariak». Salatu du lan erreformak porrot egin duela, behin-behinekotasun tasa %29ra igo dela, eta kontratu berri gehienak aldi baterakoak direla: administrazioan, lautik hiru, eta lan merkatuan hamarrik bederatzi, orobat. Sindikatuek «indarrak metatu» beharko dituzte aldaketak lortu ahal izateko.

Aldaketak posible baitira, Etxaideren hitzetan. «Ekonomiak aukera ematen du eta gizarteak beharra dauka». Prekarietatea delako lan merkatuaren «ezaugarri nagusia». Estatistika ofizialetan oinarritutako datuak eman ditu LABeko Ekonomia Idazkaritzako buru Rafa Izquierdok: «Sinatutako hamar kontratutik, bakarra izan zen iraunkorra iaz Hego Euskal Herrian». Behin-behinekotasunak gazteei eta emakumeei eragiten die gehien. «Tasa orokorra %29an dago. Emakumeena %34an eta gazteena %64an». Are gehiago, «porrot» egin du Madrilen sinatutako lan erreformak.

Izquierdok azaldu du behin-behinekotasuna igo egin dela UGTk eta CCOOk patronalarekin eta Espainiako Gobernuarekin akordioa sinatu zutenetik. «Puntu bat igo eta %29,2ra heldu da tasa». Emaitza «kaskarra» izan du lan erreformak: «Saldu ziguten aldi baterako kontratuak erruz gutxituko zirela. Ez, ordea. Gainera, diru laguntzei lotutako erreforma da, eta ugazabek finko bihurtutako kontratuetako asko ezabatuko dituzte bizpahiru urtetan».



«IRUZURRAK» KONTRATAZIOAN. Une honetan, aldi baterakoak dira sinatutako kontratuen %90 ia-ia. Horietatik, obra eta zerbitzu kontratuak dira gehienak. Hiru hilabete baino gutxiagoko iraupena dute %72ek, eta urtebete baino gutxiagoko iraupena %88ek. Kontratu gehienak, ordea, ohiko lanetarako dira; eta LABek, beraz, Lan Ikuskaritzari eta Gizarte Segurantzari egotzi die iruzurren aurka «gogo gutxirekin» aritzea.

Izquierdok ohartarazi du Aldi Baterako Lan Enpresak gero eta hedatuago daudela -behin-behineko kontratuen %25 kudeatzen dituzte jada-. Azpimarratu du, halaber, gazteen langabezia tasa (%19) emakumeena halako bi eta gizonena halako hiru dela, Hego Euskal Herrian 97.000 langabe daudela -INEMen arabera-, etaprekarietateak gora segitzen duela. Baita Administrazio publikoan ere: «Aldi baterakoak dira sektore horretan azken bi urteetan sortutako lanpostuen %75».

Etxaidek egin du datuon irakurketa zorrotzagoa. « Ugazabei prekarietatea erabiltzen uzten die eta, hori gutxi balitz bezala, prekarietatea eragiten eta zabaltzen du Administrazioak berak». Onartzen dituen legeek ez dute «egoera aldatzeko borondaterik», eta Lan Ikuskaritzaren lana «hutsaren hurrengoa» da. «Administrazioa ez da ezer egiten ari iruzurrezko kontratazioa gelditzeko». Eusko Jaurlaritzari egotzi dio, gainera, emakumeek lan merkatuan sufritzen duten bazterketa amaitzeko neurri eraginkorrik ez hartzea.

Patronalarekin ere oso kritiko da Etxaide: «Gustura dago sistema honekin». Enpresak errentagarri izateko, oraingo prekarietate maila beharrezkoa ez dela dio. «Europan ere ugazabak daude, hemengoen interes bertsuak dauzkate, baina prekarietatea apalagoa da». Egoera aldatuko bada, LABeko idazkari nagusiaren albokoak premiazko deritzo indarrak batzeari. «Egungo zatiketa gainditu behar dugu sindikatuok». Premiazkoa da, halaber, «lan mundua arautzeko gaitasuna Euskal Herrian egotea», eta negoziazio kolektiboa lantzea enpresa eta sektore mailan, eta sektoreen artean.



«Emakumeen lan egoera hobetzeko eta iruzurrezko kontratazioa eteteko ezer ez du egiten Administrazioak»

ainhoa etxaide
lab-eko idazkari nagusiaren albokoa
«Saldu ziguten lan erreformak erruz gutxituko zituela aldi baterako kontratuak, baina ez»

rafa izquierdo
lab-eko ekonomia idazkaritzako burua




Zenbakia

%29,2

CCOOk eta UGTk patronalarekin eta Espainiako Gobernuarekin hitzartutako lan erreformak porrot egin duela kritikatu du LABek. Behin-behinekotasun tasa ez da jaitsi. Are gehiago, %28tik %29,2ra igo da erreforma indarrean dagoenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.