«Premiazko konpromisoak» hartu ditu NaBaik zerrenda aurkezpenean

Juan Carlos Longas, Xabi Lasa eta Manu Aierdi dira hautagai berrietako hiru, Parlamenturako

Nafarroa Bairen zerrendako kideak, atzo, Iruñeko Tres Reyes hotelean egin zuten aurkezpenean. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroa Baik jendaurrean aurkeztu du Nafarroako Parlamenturako osatu duen zerrenda. Patxi Zabaleta zerrendaburuarekin batera, egun ere parlamentari diren bertze hainbat kide ageri dira hautagaien artean, bertzeak bertze, Asun Fernandez de Garaialde, Txentxo Jimenez, Nekane Perez eta Paula Kasares.

Maiatzeko hauteskundeetan NaBairekin lehenengo aldiz ariko diren hautagaien artean dira, bertzalde, NUPeko irakasle Juan Carlos Longas, egungo Berriozarko alkate Xabi Lasa eta enpresaren esparruko Manu Aierdi. Zerrendan dira, halaber, Antsoaingo alkate Patxi Leuza, Amaia Arrizabalaga, Jose Mari Blanzako, Juan Carlos Espinal, Barañaingo zinegotzi Consuelo Goñi eta Etxarri Aranazko alkate Maider Goñi.

Koalizioaren ustez, «premiazko» diren hainbat konpromisoren berri eman du Patxi Zabaletak herritarren aurrean; gobernura iritsiz gero beteko lituzkeen konpromisoen berri. Besteak beste, sailak murrizteko, eta ordezkaritzetara, izendatze libreetara eta enpresa publikoetara bideratutako ditu partidak murrizteko konpromisoak hartu ditu.

Konpromiso horien harira, NaBairen ustez martxan jarri beharreko hainbat neurri aurkeztu du Zabaletak, bost esparru zehatzetan: administrazioan; ekonomian, krisiari aurre nola egin; zerbitzu publikoetan; eskubide zibiletan; eta iraunkortasunean eta lurralde garapenean.

Esparru horietan hainbat ekimen jarriko luke abian NaBaik aukera izanez gero, bertzeak bertze, Nafarroako Gobernuko departamentuen kopurua murrizteko, diru sail guztietan aurreztu, eta menpekotasunaren arloan ehun milioi euroko laguntza lortzeko, iruzur fiskalaren aurka lan egiteko, eta herrialdeko enpresa txiki eta ertainak laguntzeko.

Osasun eta hezkuntza sistema publikoen defentsarako neurrien alde egin du, halaber, eta, eskubide zibilen esparruan, giza eskubide guztien defentsaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.