Araba, Bizkai eta Gipuzkoako papereko hedabideetan emakumeen kirolak presentzia “oso urria” duela berretsi du Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak egindako azterketa batek: ehun kirol albistetik seitan baino ez da agertzen. Kopuruz ez ezik, edukiz ere eskasa da presentzia hori: titulu eta argazki gutxi hartzen dituzte andrazkoek, eta oraindik estereotipo sexisten arabera irudikatuta ageri dira maiz. “Hedabideetan berdintasuna bultzatze aldera, kirolen esparruan asko dago egiteko”, adierazi du Jon Redondo Kirol zuzendariak, goizean Bilbon egindako agerraldian.
Apirilaren 10etik maiatzaren 31ra, informazio orokorreko zortzi kazetaren (tartean BERRIA) eta bi kirol egunkariren jarduna aztertu du Jaurlaritzak. Apirilaren 23tik 29rako astean izandako albisteak kontuan hartuta eman ditu hedabideei buruzko datu zehatzak: Gara-k eman zion presentzia handiena emakumezkoen kirolari (%11,50), eta Marca-k txikiena, kirol egunkaria izan arren (%2,90).
Datu okerra eman dio azterketak BERRIAri
Zerrenda horretan %4,39ko zifra eman dio Jaurlaritzak BERRIAri, baina datua ez dator bat kazeta honek egindako zenbaketarekin. Azterlaneko datuen arabera, apirileko aste hartan Kirola sailean 91 albiste argitaratu ziren papereko edizioan, eta horietatik soilik lau zegozkion emakumezkoen kirolari. BERRIAren kontaketaren arabera, ordea, 90 titulu argitaratu ziren, eta horietatik zortzi albistek jorratu zuten emakumeen kirola; ondorioz, zerrendako bigarren postuan legoke BERRIA, %8,88rekin. Okerraren berri eman dio kazeta honek Eusko Jaurlaritzari, baina ez du bidali zuzenketarik.
Edonola ere, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azaldu du andreen eta gizonen presentzia hedabideetako sail guztietan dela “desorekatua”, eta ezinbestekotzat jo du berdintzea; besteak beste, emakume gazteentzako erreferenteak sortze aldera. Izan ere, nesken artean oso zabalduta dago nerabezarotik aurrera kirol jarduerak uzteko joera. “Badirudi soilik gizonen kirola dela garrantzitsua gizartearentzat. Emakume kirolariak egon badaude, baina hedabideek alboratzen badituzte, neska gazteek ez dute erreferenterik izango”.
Areago, Redondok gogora ekarri du iazko Olinpiar Jokoetan dominak lortu zituzten euskal kirolari guztiak emakumezkoak izan zirela: Espainiako eskubaloi selekzioko kide Eli Pinedo, Patricia Elorza eta Nely Carla (Andrea Barno nafarra ere taldean zen), Maider Unda borrokalaria eta Maialen Chourraut piraguista.