GIZARTEA

Presazko ostatua bideratu du Gurutze Gorriak Donostian agertutako migratzaileentzat

46 migratzaile goizean azaldu dira Donostiako autobus geltokian, Andaluziatik iritsita. Mutil gazteak dira gehienak, eta bi adingabe daude tartean. Gurutze Gorria egin da denen kargu oraingoz. Erakundeekin bilera egin dute, egoera aztertzeko. Oraindik ez dakite nork bidali dituen Donostiara.

Migratzaileak, Donostiako geltokian, Ertzaintzaren zaintzapean. GORKA ESTRADA, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko ekainaren 18a
07:15
Entzun

Goizeko zortzietan, Afrikako 46 migratzaile iritsi dira Donostiako autobus geltokira. Ezustean etorri dira, eta noraezean egon dira hainbat orduz, laguntza zain. Espainia hegoaldetik iritsi dira, Andaluziatik. Azaldu dutenez, norbaitek esan die Donostian Gurutze Gorriak edo gizarte zerbitzuek lagunduko dietela, baina ez Gurutze Gorriak ezta aldundiak edo udalak ez zuten etorreraren berri. Goiza han eman dute, beraz, geltokian, harik eta Gurutze Gorriak eraman dituen arte. Espainiara Mediterraneoa zeharkatuz iritsi ziren.

Autobusa Donostiara iritsi, migratzaileak geltokian utzi, eta gidariak hanka egin du. Lekukoek azaldu dute migratzaileak "galduta" zeudela, eta udaltzainei eta Ertzaintzari deitu diete laguntza eske. Gizon gazteak dira denak, eta tartean badago adingabe bat behintzat. Malikoak dira 45, eta bat Gineakoa. Gurutze Gorriak hartu du migratzaileen ardura, erakundeekin elkarlanean. Arratsaldean ezohiko bilera bat egingo dute gaia aztertzeko. Azaldu dutenez, 16-36 urte bitartekoak dira iritsitako migratzaileak, eta gizonezkoak denak. Poliziaren zaintzapean eduki dituzte autobus geltokian, eta Gurutze Gorriaren egoitzara eraman dituzte ondoren.

Gurutze Gorriak ohar labur bat kaleratu du 14:30 aurretik, eta jakinarazi du migratzaileen ardura hartu duela, Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin koordinatuta. Migratzaileak artatzeko zerbitzuaren esku daude. Jatekoa eman diete, eta ostatua bideratu die Gurutze Gorriak. "Banakako balorazioak egingo zaizkie, baliabide egokiak eskaintzeko". Azaldu dute osasun egoera onean daudela.

Donostiako autobus geltokitik Gurutze Gorriaren hiru ibilgailutan eraman dituzte, bi txandatan. Eskumuturreko bat zeramaten denek.

Neke sintoma nabarmenak zituzten batzuek; lurrean egon dira, autobus geltokiko zutoinetan bizkarra jarrita. Argibideak eman dizkiete geltokian bertan, eta gero Gurutze Gorriaren ibilgailuetan eraman dituzte.

Arratsaldean bilera egin dute Gurutze Gorriak berak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak, egoera aztertzeko. Jarraipen batzorde bat osatzea erabaki dute. Tartean bi adingabe daude, eta horiek aldundiaren esku geratuko dira. Gainerakoekin ere harremanak hasi dituzte, zer asmo dituzten jakiteko.

Oraindik ez dute argitu nolatan iritsi diren Donostiara: nork bidali dituen hona, eta, zehazki, autobusa nork jarri dien. Diputazioko iturrien arabera, "datozen egunetan" argitu beharreko kontua da hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.