Donostiako kultur etxe, kiroldegi eta udal aterpetxeetan preserbatiboak erosteko makinak jarriko dituzte "datozen hilabeteotan", Enrique Ramos udaleko Hirigintza zinegotziak gaur goizean jakinarazi duenez. Denera 40 aparatu jarriko dituzte: 30, eraikinen barruko espazioetan, eta hamar, fatxadetan. Makinen diseinuaz Farmazialarien Elkargoa arduratuko da; udaleko Hirigintza eta Berdintasuneko arduradunak hilaren 17an elkartuko dira harekin, "udal ordenantzak errespetatuko dituen makina eredu homologarri bat" adosteko.
Preserbatibo makinen auziak aski zeresan eman zuen duela urtebete inguru, udala botiken kanpoaldean zintzilik zeudenak kentzen hasi zenean: fatxadatik gehiegi ateratzeagatik, udal ordenantza urratzen zutela argudiatu zuen bere garaian. Aurrerantzean, espazio publikoak erabiliko dituzte preserbatiboak saltzeko: hamahiru kiroldegi, hiru udal aterpe, Emakumeen Etxea eta hamar kultur etxe —hondakin organikoak biltzeko poltsak banatzeko makinak ere badaude azken horietan—.
Ramosekin batera, Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotzia ere agertu da gaur goizean komunikabideen aurrera. "Albiste ona da, hiesaren eta sexu bidezko gaixotasunen aurkako tresnak ematen dizkiolako hiriari", esan du, eta ohartarazi du Osakidetza "kezkatuta" dagoela hiesa igotzen ari delako, bereziki gizon helduengan.