2012 erditsutan iraganen diren Frantziako presidentetzarako eta Legebiltzarreko hauteskundeak bitarte egin beharrekoa adostu zuen atzo Batera plataformak, urteko biltzar nagusiaren kari. Aho batez onartuak izan ziren aurkezturiko ekintza eta mobilizazio proposamenak. Euskal Lurralde Elkargoaren aldarrikapenari begira Frantziako Estatuak duen «mespretxua» eta «erantzun eza» ikusiz, «doinua azkartzeko» beharra dagoela azpimarratu zuen Jakes Boitaru plataformako kideak. Hori dela eta, aldarrikapenaren plazaratzen segitzeaz gain, ekintza eta protestak biderkatuko dituzte.
90 bat kide bildu ziren biltzar nagusian, tartean Hendaiako, Senpereko, Lekuineko, Arberatzeko, Izurako, Bastidako, Mauleko eta Alozeko auzapezak zirela.
Hauteskundeetarako kanpainan «eragina ukan» nahi dute eta irailetik goiti, hautagai ezberdinak interpelatzen hasiko dira. Otsailerako, Ipar Euskal Herriko hainbat garraio bideen blokeo ekintza bat adostu dute. Horren bidez, «jasanezina» den Frantziaren blokeoa salatuko dute Baterako kideek. Blokeo batek mobilizazioari begira, jendea hurbilarazi edo urrunaraziko ote duen eztabaidatu zuten bileran bildutakoek. Dena dela, ekintza onarturik, argi utzi dute ekintza mota baino gehiago, pasarazi nahi duten mezua dutela azpimarratuko.
Foro herritarra, informatzeko
Urrian edo azaroan, herritar foro bat antolatuko dute hainbat herritan, egun berdinean. «Batzuk nahi lukete eztabaida isildu, ezin dugu utzi lurperatzen», esan zuen Bortairuk. Hori dela eta, «biziarazten, plazaratzen eta elikatzen»segituko dute, foro horren bidez, besteak beste. Momentu berdinean, toki ezberdinetan mezu berdinarekin presente egotea «interesgarria» iruditzen zaiela azaldu zuen Menane Oxandabaratz Baterako kideak, mobilizazioaren indarra islatzen duelako.
Bestalde, hautetsiek egin beharreko informazio lanaren beharra azpimarratu zuten batek baino gehiagok. Besteak beste,Christine Bessonart Hautetsien Biltzarreko presidenteak argi azaldu zuen hautetsiek «zeregin handia dutela» lan horretan. Garapen eta Hautetsien Kontseiluek Ipar Euskal Herriaren egituraketaz abiaturiko gogoetan Biltzarrak parte hartuko duela zehaztu zuen baita. Lurralde berrantolaketa dela eta, bi egitura horiek desagertzekoak dira 2014ean. Kontseiluek eraman gogoetari Baterak «ekarpenak» egiteaz gain, hausnarketa «sozializatuko» dutela azaldu zuen Nikolas Blain Makeakohautetsi etaplataformako kideak.
Frantziako Gobernuak erabaki berrantolaketari buruz ukan beharreko postura ere izan zuten aipagai. Pirinio Atlantikoetako prefetak herri elkargoen berrantolaketa aurkeztuz «ez dio erantzun benetako eztabaidari» eta gaia berriz «zentratu» behar dela uste du Baterak. Are gehiago, Ipar Euskal Herriari zuzenduriko inolako proposamenik ez duela egin gaitzetsi zuten.
Berrantolaketari buruz herriko etxeek haien iritzia eman behar dutenez, ikuspuntu hau azalduko duen mozio bat aurkeztuko die Baterak.
Presidentetzarako bozketak bitarte «doinua azkartu» nahi du Baterak
Biltzar nagusia egin zuen atzo Batera plataformak; urteko lanaren balorazio egin, eta ondoko mobilizazioak adostu zituztenFrantziaren «blokeo» jarrera salatzeko, bideen ixte ekitaldi bat eginen dute otsailean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu