Osakidetzako lan eskaintza publikoan irregulartasunak gertatu direla salatu duten medikuek ohar bat atera dute, eta egunotan jasaten ari diren presioaz ohartarazi dute. Hiru sendagile dira, eta azaldu dute eurek eman zutela informazioa oposizioetarako kinielak egiteko: alegia, eurek jakinarazi zieten ESK sindikatuari eta Elkarrekin Podemosi zeintzuek lortuko zituzten postuak. Eta asmatu egin dute.
Irregulartasun zantzu nabarmenena izan da kiniela hori. Areago, BERRIAk hainbat medikuren lekukotasunak argitaratu zituen joan den astean, eta adierazi zuten urteetan funtzionatu dutela horrela Osakidetzako lan eskaintzek. Zantzuak ikusita, eta presioaren erdian, lau espezialitatetako prozedura eten egin du Osakidetzak, eta iragarri du aztertu egingo dituela oposizio guztiak.
Kasuak aireratu dituzten medikuek jakinarazi dute presioak jasaten ari direla. Presioak, batetik, lankideen aldetik: oraingo oposizioetan “beren txanda” zela uste zuten lankideak ari zaizkie presio egiten. “‘Egokitu’ egiten zitzaiela pentsatzen zuten, eta beren buruak ‘posturik gabe’ ikustean, agresibitate guztia gure kontra eman dute”. Nabarmendu dute eurek ez dutela ezer txarrik egin: “Guk ohiko irregulartasun bat salatu baino ez dugu egin; guk ez dugu irregulartasunik egin”.
Bigarrenik, Osakidetzako arduradunen jokabidea ere salatu dute: “Nekagarri eta oso triste egiten zaigu denok ezagutzen genuena era eraginkorrez ezagutarazteko teknika politiko-sindikal makiabelikoak erabiltzera behartuta egotea”. Kiniela bat egin zuten azterketen aurretik, eta iragarri zuten nork asmatuko zuen; notario aurrean sinatu zuten Elkarrekin Podemoseko eta ESK-ko kideek, informazioa eman zuten medikuen izena ezkutatuta. “Ez da batere justua ustelkeria salatzeko pertsona batek arriskuaren mugaraino jarri behar izatea”. Neurriak eskatu dituzte horrelako salaketak egiten dituztenen segurtasuna bermatzeko.
Hiru medikuk eman zuten informazioa, baina nabarmendu dute ez direla kasu bakanak aurtengoak, urteetan egin dutela hori Osakidetzan. “Arazo honek eraginda sentitzen direnak animatu nahi ditugu euren egoeraz hitz egin dezaten, eta beldurrik eta konplexurik gabe euren iritzia eman dezaten”.
Bestalde, ospitale pediatriako ariketa baten zati bat bertan behera utzi dute, epaimahaiko kide batek oraintsu eman dituelako kasu horri buruzko azalpenak kongresu batean, eta azterketara joandakoren batek horren berri izan zezakeelakoan.