Sarek, Etxerat-ek, Salhaketak eta Espainiako Estatuko dozena bat elkartek Espainiako Gobernuko Barne Ministerioari eta auzitegiei eskatu diete koronabirusa dela-eta aska ditzatela preso eriak, 70 urtetik gorakoak eta haurdun daudenak, gaitzaren aurrean arriskurik handiena dutela jota, eta, halaber, hartarako aintzat hartzeko behin-behinean preso daudenak, hirugarren gradukoak eta zigor laburrak dituztenak ere. Txosten bat osatu, eta ministerioaren Kongresuko batzordeko taldeei helarazi diete. Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak batzordean agerraldia egin duela baliatu dute eskaera helarazteko.
Joan den martxoaren 23an, eskaera horiek egin zizkieten batzordeko talde parlamentarioei, baina batzordeak ez diete erantzun, elkarteek gaur prentsa ohar batean azaldu dutenez. Haien arabera, mundu mailako hainbat instituziok eta osasun erakundek ohartarazi dute Espainiako Estatuan dauden presoek «zaurgarritasun berezia» dutela COVID-19arekiko, eta Espainiako arartekoa ados azaldu dela askapen eskakizunekin.
Behin-behinean diren presoak askatzeko, auzitegiek haien egoera berrazter dezaketela aipatu dute Sarek, Etxerat-ek, Salhaketak eta estatuan txosten hori egiten parte hartu duten gainerako elkarteek; edota badaezpadako neurriren bat hartu ahal dutela. Espainiako Estatuan preso daudenen artean, %16 dira behin-behinean daudenak, haien txostenak dakarrenez.
Kondena duten presoen kasuan, berriz, Espetxe Zaintzako epaileari eta kartzeletako tratamendu batzordeei eskatu diete erregimen erdi irekia errazteko preso eri eta adinekoei, «arrazoi humanitarioengatik», hirugarren gradurako progresioa edo baldintzapean aske uztea. Elkarteek diotenez, espetxe araudiak eta zigor kodeak ematen dute aukera hori.
Doako deiak
Komunikazio aldetik ere neurriak hartzeko exijitu diote Barne Ministerioari –hark du espetxeen ardura—: lehenbailehen berrekiteko senideek eta lagunek presoei bisitak egiteko aukerari, eta presoei doan jartzeko telefono eta bideo deiak. Halaber, elkarte haien arabera, bukatu egin behar da espetxe barruko jardueren etena.
COVID-19ari aurre egiteko ere espetxeetan osasun neurriak hartzeko eskatu dute. Orain arteko prebentzio falta deitoratu dute.