"Gaur hemen gauden guztiok ondo dakigu kartzelan gaixo egotea zer den, baita horrek zer-nolako oinazea eta ezintasuna ekartzen duen ere”. Ezagutza horretatik, Jose Domingo Aizpuruak deritzo asteon preso gaixoak eta 70 urtetik gorakoak Euskal Herrira ekartzeko EPPK-k abiatutako prozesua “urrats handia” dela.
Prentsaurrekoa eman dute Iruñean, eta euskal gizarteari laguntza eskatu diote: “Salbuespen legedia bukatzeko presoak Euskal Herriratzea urrats nabarmena izango litzateke, baina ez bakarrik egoera gainditzeko, baita gure herria bakera eta askatasunera gehiago hubiltzeko ere”.
EPPKren ekarpena handia dela azpimarratu arren, estatuen “itxikeria gainditzeko” herritarrei prozesu horretan parte hartzera dei egin diete: "Guztion laguntza behar da. Garai hau euskal herritarrena da, eta ardura hau guztioi dagokigu".
Agiria euskaraz Aizpuruak irakurri du eta gazteleraz Marilo Gorostiagak. Han ziren ere Iñaki Erro, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Jose Mari Perez, Jose Ignacio Gaztañaga, Isidro Garalde eta Jon Agirre. Euren arabera, gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelan mantentzea “mendeku gosea asetzeko eta presoa zein bere ingurunea hausteko” estatuek erabiltzen duten tresna da, eta horren bidez “etekin politikoa” lortzea dute helburu.
Politika horren adibide eta ondorio gisa, gogora ekarri dute urtebetean hiru preso hil direla, edo azken egunetan Ibon Iparragirre presoari espetxealdi arindua kendu eta berriro espetxeratzeko agindua eman duela Auzitegi Nazionalak.
Politika hori gainditzeko, EPPK-k “lehen urratsa” eman du “etenik gabeko prozesu” baten barruan. Prozesu horretan gizartearen elkarpena, erabakigarria izan daiteke: “Euskal jendearte osoari eta herritar guztiei bultzada erraldoi honetan parte izan daitezen dei egiten diogu”. Preso gaixoek orain emandako urratsak horretarako “aukera bikaina” ematen duela diote: “Beraz, atxiki diezaiogun”.