Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrizketa. Sylvie Laplace. NPAko hautagaia

«Preso politikoen arazoa mahai gainean ezarri beharra dago»

Seigarren bozkatze barrutian aurkeztu da Sylvie Laplace; hauteskunde kanpaina guztian, bizi-maila apala dutenei mintzatu zaie batez ere.

JENOFA BERHOKOIRIGOIN.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Hautetsien Kontseiluak Ipar Euskal Herriaren egituraketaz egin gogoetak ez du asebete Sylvie Laplace (1950, Paris). Haren iduriko, gai horri begira gogoetatu duten eragile sozial sindikal eta politiko guztien artean egon behar litzateke eztabaida, «ez delako bakarrik hautetsien esku egon behar». Herritarrak galdekatu beharko direla ere badio.

Zein da zuen mezua?

Philippe Poutouk presidentetzarako bozketetan eramandako mezua hedatzen gabiltza. Bizi-maila apala dutenei mintzatzen gatzaizkie batez ere, horiek direlako gaur egungo krisiaz gehienik hunkiak. Guk diogu krisi hori sistema kapitalistarena dela, eta ez zaiela herritarrei ordainarazi behar.

Krisiari begira, zein aterabide proposatzen dituzue?

Berehala hartu beharreko neurriz osaturiko plan bat daukagu: kaleratzeak gelditzea, berriz 32 ordura pasaz lanaren banaketa,soldata guztiak 300 euroz emendatzea, gutxieneko lansaria 1.700 eurotan finkatzea eta erretreta berriz 60 urtera jaistea, 37 urteko kotizazioarekin. Hori guztia egiteko dirua bada; sekulako irabaziak badira. Iaz CAC 40-ko enpresek 75 miliar euroko mozkina egin zuten; dispentsa sozialak eta kargu patronalak 170 miliar euro dira urtean! Diru hori ongi bideratu behar da, kaleratzeak geldituz eta soldatak igoz.

François Hollandek proposatu eta eraman neurriez zer diozu?

Ez dugu konfiantza handirik egingo duen horretan. Krisia ordaintzeko engaiamendua hartu du, eta aurrekontuaren zuloa %3ra jaitsi nahi du; horrek erran nahi du austeritate neurriak ezarriko dituela. Eskuineko austeritatearen aurka borrokatu gara, eta gauzatzen bada, berdin-berdin ezkerrekoaren aurka ere ariko gara. Orain arte hartu dituen neurriek ez gaituzte ase; neurri txikiegiak dira.

Ezkerreko Frontea ere bada, ezkerreko hainbat alderdi biltzen dituena. Zergatik ez zarete koalizio horretan?

Ezkerreko Fronteko militanteak gurutzatzen ditugu maiz. Bainaprograma ezberdintasunak baditugu. Adibidez, Europako hizkuntza gutxituen hitzarmena ez dute izenpetu nahi; guk, haatik, bai. Baina ezberdintasunik handiena da Alderdi Sozialistarekiko independentzia badaukagula guk, baina haiek ez direla argiki kokatuak.

Bigarren itzuliari begira zer eginen duzue?

Ez dakigu, ez dugu oraindik erabakia. Lehen itzulia pasa dadila lehenik.

Presidentetzarako bozketetan bozen %1,15 lortu zenituzten Frantzian, doblea Euskal Herrian. Gehiago espero zenuten?

Ez genuen gehiago espero. Philippe Poutou ez zen oso ezaguna, eta Ezkerreko Frontea ere bagenuen ondoan; boto batzuk hartu zizkiguten. Abstentzioa ere beti hor da; gizarte maila xumekoak eta gazteak maiz ez dira bozkatzera joaten; hots, guk defenditzen duguna hurbil izan dezaketenak. Euskal Herriari dagokionez, guneka emaitza onak egin ditugu. Euskal Herriak zuzentzen dituen aldarrikapenak eramaten dabiltza NPAko militanteak; abertzaleekin batera eramaten ditugu hainbat borroka; Oldartu-n edota gatazkaren konponketaren aldeko kolektiboan, adibidez. Gure engaiamenduaren isla dira emaitza horiek.

Justuki, bake prozesuaren alde kokatu zarete argiki. Zer diozu Frantziako Gobernuaren joeraz?

Ezker abertzaleak, EPPK-k, ETA-k... guztiek diote elkarrizketarako prest direla, baina parean ez dute horri begira pausorik ematen. Ezin onartua da Frantziaren eta Espainiaren joera. Manuel Vallsen adierazpenak ere kezkagarriak dira, parekoen mezua entzun ez balu bezala ari delako. Preso politikoen arazoa mahai gainean ezartzea beharrezkoa da. Presoen hurbiltzea eta eri direnen etxeratzea exijitzeaz gain, preso politiko guztientzako amnistia aldarrikatzen dugu.

Bake prozesuari begira, jarrera bera daukate Frantziako NPAren ordezkariek?

Bai, argi eta garbi.

Euskal lurralde elkargoaren eskakizunari begira, zein da zuen jarrera?

Ez gara ez alde, ez aurka. Horri begira gogoetatu duten guztien artean eztabaida bat egon behar dela diogu. Zer-nolako elkargoa behar dugun eztabaidatzeaz gain, zer-nolako bozketak izanen diren ere adostu beharko dugu. Guk diogu itzuli bakarreko hauteskunde proportzionala behar dela eta hautetsiek herritarren kontrolpean egon beharko dutela. Autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen dugunez, herritarrak galdekatu beharko direla ere diogu, hori delako benetako demokrazia.

Hautetsien Kontseilua dabil eztabaida hori eramaten.

Baina eztabaida ez da bakarrik hautetsien esku egon behar. Elkargoari buruz gogoetatu duten elkarte, sindikatu eta herritar talde guztiei dagokie eztabaidan parte hartzea. Eta hor parte hartuko luke Hautetsien Kontseiluak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.