Presoak «etxean» nahi dituztela aldarrikatu dute Donibane Garazin

Oxandabaratz eta Mujika espetxeratu egin ditu Le Vert epaileak; lehena Fresnesen, eta bigarrena Osnyn

800 bat lagun bildu ziren Donibane Garaziko karriketan. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Donibane Garazi
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Ostiral gauean iritsi berriaren itzalpean hasi zen atzo Donibane Garaziko manifestaldia. Asteartean atxilotu Julen Mujika eta Intza Oxandabaratz preso sartuak zituztela zioen berriak. 800 bat lagun batu ziren atzo Aterabide politikoa orain; errepresioari stop! lelopean egin manifestazioan. Aitzineko larunbatean Baionako karriketan aterabide demokratikoaren alde iragan manifestaldi jendetsuan parte hartu zuen bikotea, atzo ere, manifestarien artean zen; Aurore Martin bertan, baina Josu Esparza, aldi honetan, argazki batean, makil baten gainean zintzilik.

ABk, Batasunak, EAk eta hainbat eragile eta elkartek deitu manifestaldiak Mujika eta Oxandabaratz bereziki gogoan izan zituen, baita joan den astelehenean euroagindu baten ondorioz Espainiaratutako Josu Esparza.

Oxandabaratz eta Mujikari dagokienez, azken berri zehatzagoen arabera, Parisko Laurence Le Vert epailearen aitzinetik iragan ziren ostiral gauean, eta ondotik segidan, askatasun epailearen aitzinetik. Biek bikotea preso sartzeko agindua eman zuten. Behin-behineko espetxeratzea da, epaiaren zain. Oxandabaratz Fresneseko presondegian sartu zuten, eta Mujika Osnykoan, biak Paris aldeko espetxeak. Oxandabaratz bera haurdun da. Fresnesen erietxe bat dago. Atzo goizean abokatuak ikusteko aukera izan zuten. Akusazioari dagokionez, Efe prentsa agentziak dioenez, lortu dituen Parisko justizia iturriek azaldu diote aitzin inkesta bat zabalik dagoela, nagusiki, «talde terrorista baten kide izatea edo harremanak ukaitea» leporatzen diena.

Atzoko manifestaldian, berriz, atxiloketa eta preso sartze horiek «probokaziotzat» jo zituzten, eta hirurak «Euskal herrian, etxean» nahi dituztela oihukatu zuten.«Gatazka honekin deus ikustekorik omen ez duen estatuak, makina errepresiboa igorri digu aurpegira. Behin eta berriz, Michele Alliot-Marie andereak goraipatu 'le savoir faire français' erakutsi digute», Stephane Etxegarai bikotearen hurbileko gisa mintzatu zenaren hitzetan.

Eta gaineratu zuen «zepo» horretan ez direla eroriko: «Haien porrotaren gakoa esku artean dugulako: hau da azken aste luze hauetan eraikitzen ari garen herri harresia. Aterabide demokratikoa gure herriarentzat aldarrikapena azkartuz doa, eta hastapenean baizik ez gara». Ez direla horretan gelditzekoak gaineratu zuen Etxegaraik, «bide onean garela sentitzen dugu, eta bide horretan aitzina segituko dugu», trabak salatuz eta borrokatuz. Hitzartzeaz baliatu ziren oraindik urratsa egin ez duten eragile eta hautetsiei, baita ere oinarrizko eskubideen alde egiten duten herritar guztiei, «uhin honi lotzeko gomita» zabaltzeko. «Mobilizazioetan parte hartuz, urratsak egitera behartuko ditugu». Heldu den ekintza nagusia gogorarazi zuten bide batez, hau da, urtarrilaren 7ko Bilboko manifestaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.