Presoak

Presoak «etxerako bidean» jartzeko eskatu du Sarek

Donostian amaitu da Garesen hasitako hiru egunetako Sare-ren bizikleta itzulia. Orain arteko gerturatzeek «itxirik zen bidea» ireki dutela uste dute, eta bidea «amaieraraino» iristeko lan egingo dutela azpimarratu 

Sareren bizikleta martxa Errotaburu inguruan, Donostiara sartzen. GORKA RUBIO / FOKU
joxerra senar
2021eko uztailaren 24a
16:07
Entzun

Ostegunean atera ziren Garestik, eta hiru etapa osatu ostean, Donostiako Boulevardera iritsi dira gaur eguerdian Sareren bizikleta martxan parte hartu duten guztiek. 169 kilometro utzi dituzte atzean, eta amaieran, bidea presoen egoerari buruz hausnartzeko baliatu dutela azaldu du Sarek. «Pedalkada bakoitzarekin, igarotako bide bakoitzarekin, etxerako bideari eman diogu bultzada».

Sarek argi du ekintza eta ekimen txikiek balio dutela aldaketak eragiteko, eta norabide horretan jarraitzeko prest agertu dira. «Aurrera egiten goaz, murruak eta blokeoak eraisten gabiltza, bide berriak zabaltzen ari gara», azaldu dute amaieran, Boulevarden, irakurritako agirian, Sarek nabarmendu du espetxe politikan eman den aldaketak «etapa berri bat zabaltzeko unea» dela erakutsi duela. Halaber, Sarereren arabera, urruntze politika «amaierara iristen hasi da».

Euskal Herriratutako preso kopurua «oraindik urria» dela uste badu ere, Sarek nabarmendu du gerturatzeek «itxia zen bidea zabaldu» dutela eta euren zeregina dela bidea bururaino heltzeko urratsetan eragitea. «Orain arte egindakoari esker, Madrildik hegoaldera, urrunketaren alde ilunena izan diren espetxeak euskal herritarrez hustu daitezen lortu dugu».

Dena den, Sareren irudiko, oraindik salbuespen legediarekin amaitzeko asko geratzen da. Besteak beste, azaldu du preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea, preso guztiei gradu prograsiorako bidea ahalbidetzea eta zigorraren hiru laurdenak bete dituztenei hirugarren gradua ematea, gaixotasun larri dutenak eta 70 urtetik gorakoak etxeratzea, 7/2003 legearekin zigorra ezarritako presoei legedi arrunta aplikatzea eta zigorren batuketa egitea, aurrez betetako zigorrak bi aldiz betearaztea eragozteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.