Hirurogei eragile politiko, sindikal eta sozial bildu ziren atzo Donostiako Kursaalen Amnistiaren aldeko mugimenduan abian jarritako prozesuan parte hartzeko. ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE, ELB eta ESK sindikatuetako ordezkariak, eta AB, Batasuna, Aralar, EAE-ANV, Zutik eta Batzarre alderdietako ordezkariak Donostian izan ziren atzokoan.
Batzarraren amaieran egun horretarako prestatua zegoen adierazpena irakurri zuten eta datorren urtarrilaren 3an Bilboko Aita Donostia plazatik arratsaldeko 17:00etan abiatuko den nazio manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten, 'Euskal presoak Euskal Herrira' lelopean.
Adierazpenak jasotzen duenez, "Espainiak eta Frantziak Euskal Herria bera eta erabaki ahalmena" ukatzen dute, eta ukapen hori "gatazkaren sortzaile" dela nabarmendu. "Euskal preso politikoak gatazka honetako parte direnez, izaera politiko naturala dute", dio. Euskal presoek gatazka gainditzeko prozesuan "parte" izan behar direla azpimarratzeaz gain, "kartzelatik euren borrokarekin jarraituko" duela nabarmentzen zuen adierazpenak.
Hala,Euskal Herriko gatazkari "justiziazko, demokraziazko eta errespetuzko" irtenbide bat emateko, "presoen eta errepresaliatuen egoera" bideratu behar dela azpimarratzen du adierazpenak, "amnistia orokor batekin amaituz". Bien bitartean, "ezinbesteko" jotzen da euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, "prozesu politikoan parte har dezaten".
Atzoko batzarrean bildutakoei ekimen hori "abiapuntu" bat izango zela gogorarazi zieten Amnistiaren aldeko mugimenduko kideek, eta Euskal Herriko gatazka konpontze bidean mahai gainean jarritako proposamen guztiak "aztertzen eta sakontzen" jarraituko dutela iragarri zuten.
Euskal presoak
Presoak Euskal Herrira ekartzea "ezinbestekoa" dela azpimarratu dute, "prozesu politikoan parte har dezaten"
Amnistiaren aldeko mugimenduak deituta ehunka lagun bildu ziren atzo goizean Donostiako Kursaal aretoan euskal presoen egoeraz hausnartu eta hitz egiteko. Batzarraren amaieran irakurritu zuten adierazpenean jasotzen denez, Euskal Herriko gatazkari "justiziazko, demokraziazko eta errespetuzko" irtenbide bat emateko, "presoen eta errepresaliatuen egoera" bideratu behar da, "amnistia orokor batekin amaituz". Bien bitartean, "ezinbesteko" jotzen da euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, "prozesu politikoan parte har dezaten". Halaber, urtarrilaren 3an Bilbon egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu