Patxi Lopezek ostegunean mahai gainean jarritako proposamenen artean, presoen ingurukoa izan da zeresan gehien eman duena; espetxe politika malgutzeko aukera jasotzen duen puntua, eta, batez ere, presoak Euskal Herrira gerturatzeko aukera aurreikusten duena. Aurkakotasun handirik ez du jaso proposamen horrek, eta agerian geratu da PSOEk bazuela lehendakariak plazaratuko zuenaren berri; PSE-EEk eta PSOEk, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, adostutako proposamena zela. Horien oniritzia behintzat bazuela Lopezek.
Atzo, halako gaiek eskatzen duten diskrezioari eusten saiatu ziren Espainiako Gobernuko ordezkariak, baina ekimena bultzatzeko asmoa agerian utzita. Jose Blanco bozeramaileak adierazi zuen Espainiako Gobernuak «kontuan» izango duela «ETA amaitzeko» lehendakariak egindako proposamena. «Terrorismoaren aurkako borroka bi gobernuen artean hitzartua dago».
Edozein kasutan, espetxe politika «terrorismoaren aurkako politikaren zati» dela gogorarazi zuen, eta, beraz, «zuhurtzia eta diskrezioa» ezinbesteko direla. Hortaz, ez duela gaiari buruzko azalpen gehiago emango adierazi zuen: «Terrorismoaren aurkako estrategiak ez dira kontatzen». Nolabaiteko babesa eman zion, hala ere, Lopezen proposamenari: «Lehendakariaren adierazpenak indarkeria amaitzeko politika argia jasotzen du, eta gobernuak kontuan hartuko du».
Alfredo Perez RubalcabaPSOEk Espainiako gobernuburu izateko aurkeztutako hautagaia ere antzera mintzatu zen. «Nire inpresioa eta jarrera da arretaz entzun behar dela lehendakariak ETA amaitzeko proposatzen duena; gero, gobernuak bere erabakia hartuko du».
Presoak hurbiltzeko aukerari buruz, Blancok emandako erantzun bera eman zuen: espetxe politika «terrorismoaren aurkako politikaren» zati dela. «Terrorismoaren aurkako estrategiak ezarri egiten dira, ez kontatu».
Gaiaren inguruan zehaztasun gehiago eman zituen Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak. Lehendakariak proposamena plazaratu zuenerako gaia ondo lotuta zegoela iradoki zuen; «ez da airean planteatu den zerbait; aurrez PSOErekin hitz egina zegoen». Ekimena alderdiko norekin kontrastatu zuten ere plazaratu zuen Pastorrek, protagonistak bere izena isilean mantendua zuen arren: Rubalcabak berak eman zion oniritzia Lopezen proposamenari. «PSOEk arreta handiz entzuten du Jaurlaritzak gai honi buruz esaten duena, eta, batez ere, lehendakariak adierazten duena», azaldu zuen Pastorrek. «Beraz, bide orri bat ireki dugu, pixkanaka Euskadin zabaltzen joango den bidea, eta, seguruenik, Espainia osoan ere zabalduko dena».
Preso bakoitzaren erabakia
Espetxe politika malgutu eta presoak gerturatzeko Lopezek egin zuen proposamenaren inguruan, gaizki ulerturik ez izateko ohartarazi zuen Pastorrek: «Ez gara amnistia kolektibo bati buruz ari; presoek banaka hartu beharreko erabakiei buruz ari gara».
Areago, presoen egoera malgutu dezaketen neurriak beste urrats askoren ondoren emango direla zehaztu zuen. «Dekalogoko puntuak ezin dira banaka hartu; sekuentzia bat dira. Etapak betetzen joan behar da, lehenengotik hasita. Behar diren baldintzak ematen badira, indarkeria betirako desagertzen bada, espetxeetarako araudiak jasotzen dituen neurriei eusteko borondatea presoek indibidualki adierazten badute eta bergizarteratzeko balio duela frogatzen bada» ezarriko zaizkie presoei onurak.
Mezu bertsua eman zuen Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak: «ETAko presoen etorkizuna bere eskuetan dago». Eta, «ez engainatzeko» eskatu zuen sailburuak ere: «Amnistiarik ez da egongo». ETAri ekinbide guztiak bertan behera uzteko eskatzekotan, espetxeetarako legedia onartzekotan, eta «bergizarteratzearen aldeko apustua» egitekotan jasoko dituzte onurak presoek, Aresen hitzetan.
Lehendakariak berak blog bidez plazaratu zuen hausnarketa. Espetxe politika «norabide adostu, dinamiko eta malgura» bideratzeko proposamena dekalogoko zortzigarren puntua dela azaldu zuen; «horra iristen bagara, aurrez beste zazpiak bete ditugulako izango da». Edozein kasutan, poza agertu zuen Lopezek, presoen ingurukoa gai «labaina» den arren bere proposamena ulertu dela eta edukiak «errespetuz» aztertzen ari direla iruditu zaiolako.
«Nahi eta ezina»
EAJren ustez, «nahi eta ezina» erakutsi zuten Lopezen hitzek. Konpromisorik hartu ez izana egotzi zion, eta egindako proposamen zehatz «ia bakarrari buruz», presoak hurbiltzeari buruz, oharra igorri zion: «Presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeko aukera duela hamalau urte onartu zuen Eusko Legebiltzarrak».
Antonio Basagoiti PPren presidenteak «ETA hauteskunde kanpainan sartzea» egotzi zionPSOEri. «Arduragabekeria da».
Presoak hurbiltzeko aukera kontuan hartuko du Espainiako Gobernuak
Agerian geratu da Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak adostua zutela Lopezek iragarritako proposamen sortaPresoek onurak jasotzeko aurrez baldintzak bete beharko dituztela ohartarazi du Aresek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu