Presoak hurbiltzeko «estatu ituna»

Jesus Lozak adierazi du Rajoyren agintaldian presoei buruz eginiko «fitxategiekin» ari dela lanean Sanchezen gobernua, eta PPrekin «adostu» nahi dituela gerturatzeak. Otegirentzat, «etsigarria» da PSOEren jarrera

jokin sagarzazu
2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Euskal presoen gerturatzea PPren babesarekin gauzatu nahi du Espainiako Gobernuak: sakabanaketa politika estatu itun baten emaitza izan zen bezala, horren amaierak maila bereko akordio bat behar duela uste du. Hori azpimarratu du Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak, El País egunkarian eginiko elkarrizketa batean. Azaldu du helburu horretarako PSOEk bere alde dituela Mariano Rajoyk bere agintaldian presoen hurbiltzeari buruz egin zituen «zenbait lan», eta, horrekin batera, ETAren indarkeriaren biktimen elkarte mediatikoenak lehen gerturatzeen aurka agertu ez izana.

Pablo Casado PPren presidente berria primarioetan eta ondorengo asteetan gogor mintzatu zen lekualdatzeen aurka eta mobilizazio handi bat egitea proposatu zuen, baina elkarteek ez zuten babestu. AVT eta Coviteren arabera, legezkoak dira orain arteko hurbiltzeak, eta azken asteetan PPko buruzagiek bat egin dute horrekin. Baldintza gisa jarri dute biktima une oro informatzea, eta Lozak berretsi du hala izango dela: «Biktimei ez zaie beldurra izan behar, egia esan behar zaie», adierazi du.

Orain arte hiru euskal preso gerturatu dituzte: Olga Sanz eta Xabier Moreno Villabonako kartzelatik (Asturias, Espainia) Basaurikora (Bizkaia), eta Alfredo Remirez Darocatik (Zaragoza, Espainia) Zaballara (Araba). Altsasuko auziagatik espetxeratutako zazpi gazteetatik bi ere gerturatuko dituzte. Ostiraletik, Soto del Realgo espetxetik (Madril, Espainia) Zaballakora bidean dira Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea. Atzo iluntzean senideek ez zuten iritsi diren abisurik jaso.

Remirez kartzelan dago sare sozialetan eta kaleko mobilizazioetan euskal presoen alde azaltzeagatik. Sanz eta Moreno, berriz, ETAko kide izateagatik. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzia dute, baina. Rajoyren agintaldian eraman zituzten Villabonara, eta lortu zuten hirugarren gradua. Coviteko Consuelo Ordoñezek gogoratu duenez, Euskal Herritik gertu dagoen espetxe horretara eta beste batzuetara lekualdatu dituzte «dozena erdi bat preso» Rajoyren agintaldian, gobernura iritsi eta gutxira —2012ko ekainean— martxan jarri zuen programa baten bitartez, bereziki.

Horrez gainera, Lozak mahai gainean jarri du gerturatzeari begira Rajoyren gobernuak bere agintaldiaren amaieran agindu omen zuen txosten bat, «gerturatzeak hasteko hautagaiak zehazteko». Ekainean, gobernu aldaketa gauzatu eta gutxira, PSOEren gobernuak ukatu zuen horrelakorik, baina hori adierazi eta hamar egunera jakinarazi zuen Pedro Sanchezek gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak hasiko zirela hurbiltzen. Lozak azaldu duenez, Rajoyren garaiko fitxategi horrekin eta «beste txosten» batzuekin ari dira lanean, eta, adineko eta gaixoez gainera, «odolezko deliturik ez dituztenak» azaltzen dira horietan. Ohartarazi du, baina, «ikaragarrizko zuhurtziarekin» jokatuko dutela.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak, berriz, berri agentzia bati emandako elkarrizketa batean kritikatu egin du PSOEren orain arteko jarrera. Esan du«etsigarria» dela, eta salatu du hasierako asmoak «apaldu» dituela PP eta Ciudadanosen presiogatik. Otegik uste du Euskal Herriko eragileen arteko akordio bat behar dela horri aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.