Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak euskal presoez esandakoei erantzun die ezker abertzaleak. Aintzat hartu du ministroak esan izana presoen gaiari «legea beteta, legeak duen zorroztasun eta eskuzabaltasun guztiarekin» erantzungo diola, eta hausnartzeko eskatu dio PPri. «Espainiako Gobernuak badu garaia bere espetxe legedia arrunta euskal presoen kolektiboari ere aplikatzeko», esan dio Maribi Ugarteburuk. Izan ere, haren ustez, PPren gobernua «guztiz salbuespenekoa den espetxe politika ezartzen» baino ez da ari.
«Presoen sakabanaketa sostengatzen duen inolako lege edo araudirik ez dago», ohartarazi du Ugarteburuk; «salbuespen neurria da, euskal preso politikoei modu kolektiboan aplikatzen diotena». Sakabanaketaren bidez astebururo «ehunka senide eta lagunen bizitzarekin jolasean» ari direla salatu, eta PP egin du horren erantzule, «lehen PSOE izan zen bezala».
«Gaixorik dauden presoak kartzelan eduki behar direla dioen legerik ere ez dago Espainiako espetxe araudian, kontrakoa baizik», azaldu du. Baina, hala ere, gaixo dauden presoak kartzelan mantentzen dituztela gaitzetsi du.
«Legedia aipatu du berriro Fernandez Diazek espetxe politikari ekiteko tresna moduan. Baina ezin da ezkutatu Espainiako gobernuek berek okertu dutela legedia hori, salbuespen neurri eta doktrinak ere asmatuz».
Normalizaziorako bidean
Bide hori alboratu beharraz ohartarazi du Ugarteburuk: «Ezker abertzaleak ezinbestekoa deritzo euskal preso politikoen kontra ezartzen den kartzela politika inhumanoa berehala eta behin betiko baztertzeari». Areago, «normalizazio politiko eta demokratikoan aurrera egiteko, euskal preso politikoen egoerari ekitea lehentasun osoko kontua» dela adierazi du.
Dei zuzena egin dio, beraz, PPri: «Behingoagatik, irtenbideen aldeko eragile izaten hasi behar du eta horretarako lehenengo urgentziazko pausoa da euskal preso politikoen kontra ezartzen duen kartzela politika bukatzea».
Presoei salbuespen neurriak ezartzeari uzteko eskatu dio ezker abertzaleak PPri
«Irtenbideen aldeko eragile» izan behar duela esan dio, eta horretarako lehen pausoa espetxe politika aldatzea dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu