Biharko, urteko azken ostirala eta azken eguna izaki, elkarretaratzeak antolatu ditu Etxerat-ek euskal presoen eskubideen alde Euskal Herriko hiriburu eta herrietan, eta ELA eta LAB sindikatuek parte hartzeko deia egin dute. Bi sindikatuek elkarretaratzeetan parte hartzera animatu dituzte beren militanteak eta herritarrak, eta presoen eskubideen alde duten konpromisoa berretsi dute.
ELArentzat, «premiazkoa» da sakabanaketa eta bakartze politika amaitzea. Halaber, ezinbestekotzat jo du espetxe zigor luzeak beteta eta gaixotasun larriak izanik ere presoak giltzapean mantentzen dituzten neurriak indargabetzea.
LABek ere larritzat jo du presoen eskubideak ez errespetatzea; are gehiago, preso horiek gaixo daudenean, edo, zigorra bete arren, espetxean segitzen dutenean. Presoek gatazkaren konponbidearen parte izan behar dutela uste du LAB sindikatuak, eta «bizi garen garaiotan» erantzukizunez jokatzeko deia egin diote Espainiako Gobernuari, «herritar ororen eta, kasu honetan, kartzelan diren euskal presoen oinarrizko eskubideen errespetu eta bermetik abiatuz».
LABekparte hartzeko deia egin du, biharko mobilizazioetan ez ezik, urtarrilaren 8an Bilbon Egin dezagun urratsa, eskubide guztiekin euskal presoek Euskal Herrira lelopean egingo den manifestazioan ere.
Egunotan hainbat mobilizazio ari dira egiten euskal presoen eskubideen alde. Konparazio baterako, astelehenaz geroztik preso, iheslari eta haien senideen aldeko gose greba egiten ari dira, txandaka, hogeita bost lagun Elgoibarren (Gipuzkoan). Gaur eguerdian bukatuko dute baraualdia, eta manifestazioa egingo dute.
Gaur arratsaldean, gainera, euskal presoei ezartzen zaien espetxe politikaren inguruan hitzaldi bat egingo dute, Deustuko liburutegian, Ingo Niebel kazetariak, Xabier Izaga preso ohiak, Jose Cruz Coto senideak eta Beñat Zarrabeitia kazetariak.
Presoen alde egitera deitu dute ELAk eta LABek
Urteko azken ostirala izaki, bihar presoen eskubideen alde mobilizazioak antolatu ditu Etxerat-ek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu