Mattin Olzomendi eta Peio Irigoien lapurtar gazteen eta beste euskal presoen etxeratzea exijituko dute bihar arratsaldean Hazparnen (Lapurdi). Duela bi urte sartu zituzten bi gazteak preso, eta berehala kalera ditzatela exijitzeko, manifestazioa antolatu du biharko Goxa Biju bi presoen aldeko sostengu batzordeak.
Iazko uztaileko hastapenean epaitu zituzten, eta bost urteko kartzela zigorra jaso zuen Olzomendik, eta lau urtekoa, berriz, Irigoienek, azken horrek urte bat duela sursiarekin. Zigorrak «gogortzat» jo zituen Goxa Bijuk, eta Askatasunak ere «fermuki» salatu zuen zigor epaia: «Frantziako Estatuak, Euskal Herrian abian den prozesu demokratikoari muzin eginez, errepresioaren bidea hautatu izana» gaitzetsi zuen , eta gehitu «bide horrek etsipena eta sufrimendua besterik ez du ekartzen». Etxe agentzien kontrako erasoetan parte hartzea leporatu zieten bi gazteei.
Sakabanaketa
Uzerche hirian dira preso sarturik, Frantzian, biak kartzela berean. Hori aitzin, hainbat presondegitatik pasarazi zituzten, batez ere Olzomendi: lehenik Meaux, Poitiers, Chateauroux, eta orain Uzerche. Chateaurouxen bakarturik atxikitzen zutenez,protesta egin zuen, beste euskal presoekin egon ahal izateko.
Biharko manifestaziorako ordua 17:00etan finkatua da, eta ondotik, 19:00etan, Ttattola gaztetxean, Txapelpunk, Nat eta Watson eta Xutik taldeen kontzertua izanen da. Preso direnetik, elkartasunez, hainbat kontzertu, manifestazio, gaualdi eta elkarretaratze antolatu ditu Goxa Biju sostengu batzordeak.
Presoen aldeko ekitaldi bat bihar Hazparnen
Mattin Onzomendi eta Peio Irigoien bi urte preso direla eta, haien aldeko manifestazioa egingo dute bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu