Espainiako Auzitegi Nazionalak eta EAEko Herrizaingo Sailak Zornotzan eta Algortan gaurko iragarritako hiru mobilizazio debekatu dituzte. Herrizaingo sailak Amnistiarik gabe, bakerik ez lelopean Zornotzan izango den manifestazioa galarazi du, bortizkeria babesten duelakoan.
Algortako kontzentrazioak debekatzeko agindua Madrildik heldu zaio Ertzaintzari, ETAko kideak goraipatzea helburu dutela argudiatuz. Deialdien antolatzaileek jakinarazi dutenez, hilabeteko azken ostiraletan presoen eskubideen alde egin ohi duten kontzentrazioa, eta Jone Lozanoren atxiloketa salatzeko manifestazioa dira gaurko iragarritakoak. Xedapena betearazteko «beharrezko baliabideak» erabiltzeko agindu du auzitegiak.
Bestalde, Lozanoren atxiloketa eta estatuen «errepresio politika» salatzeko, atzo Leitzan eta Areson egin zuten bi orduko lanuzteak «jarraipen eta babes zabala» izan zuela adierazi dute. Eguerdian egindako kontzentrazioan Guardia Zibilaren presentzia «ikaragarria» salatu dute.
Astelehenean atxilotu zuten jendarmeek Lozano, eta bere espetxeratzea galdegin zuen atzo fiskaltzak; besteak beste, «erakunde kriminaleko kide» izatea leporatzen diote.
Presoen aldeko hiru mobilizazio debekatu dituzte Algortan eta Zornotzan
Gaurko daude iragarrita mobilizazioak; atzo, Lozanoren atxiloketa salatzeko lanuzteak izan ziren Leitza eta Areson
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu