Euskal presoen aldeko zapiak balkoietan izateagatik heriotza mehatxuak eta erasoak jasan dituztela salatu dute Donostiako Parte Zaharreko hainbat bizilagunek; guztiak Abuztuaren 31 kaleko 12 eta 14 zenbakiko ezkaratzetakoak dira. Gainera, adierazi dute azkenaldian «areagotu» egin dela bizilagun eta dendariek jasandako presioa.
Virginia Vitoria bizilagunen bozeramaileak azaldu du mehatxu «askotarikoak» jasan dituztela: «Mehatxu gutunak, margotzeak eta sarrailaren sabotajeak». Horrez gain, adierazi du mehatxu gutunen letran ikusten dela pertsona «berak» egin dituela erasoak, eta Ertzaintzan salaketa jarri dutela.
Mehatxuak egin dizkieten bizilagun guztiek euskal presoen aldeko zapia dute balkoietan. Vitoriaren esanetan, ezkaratz horietako gainerako bizilagunek eta dendariek ere mehatxatuak jaso dituzte, zapirik ez duten bizilagunak zapiak dituztenen «aurka» jartzeko, eta mezu horiek balkoietatik kentzeko.
Baina gertakari «latz» bat ere izan dutela adierazi du Vitoriak; izan ere, balkoian euskal presoen aldeko zapia zuen emakume bati bihotzekoak eman zion, eta hil egin zen. Gainera, gehitu du «jarraian» erre egin zela haren etxea. Jasotako mehatxu gutunetako batean, hau ageri da: «Putasemeak, jakinarazten dizuet prest egon zaiteztela, hurrengoan sua ezkaratzetik hasiko baita, gauez bidoi batekin gasolina bota eta su emango baitiot. Izan ere, ETAko hiltzaileen aldeko banderak dituzue ezkaratzean, eta garesti ordainduko duzue, putasemeak. Goizaldean su emango dizuet ezkaratzean».
Manifestazioa
Egoera «onartezina» dela azaldu du Vitoriak; are gehiago, gaur egun Euskal Herrian den «egoera politikoa» kontuan hartuta. Hori dela eta, manifestaziorakodeia egin dute irailaren 8rako Donostian, 19:30ean. Konstituzio plazatik hasiko da, Eraso faxistarik ez! Euskal presoak etxera! lelopean.
Presoen aldeko zapiengatik mehatxuak jaso dituzte Donostiako bi ezkaratzetan
Zer gertatzen ari zaien salatzeko, manifestaziorako deia egin dute Donostian, irailaren 8rako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu