Presoen argazkiak erakusteagatik 17 lagun identifikatu dituzte Donostian

«Inoizko danborradarik garbiena» izan dela esan du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailburuak

Erredakzioa
Donostia
2010eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
17 lagun identifikatu zituen Ertzaintzak herenegun gauerdian Donostian, danborradaren hasiera ekitaldian euskal presoen argazkiak erakusteagatik. Amnistia eskatzen zuen pankarta bat ere zabaltzen ahalegindu ziren beste lagun batzuk, baina udaltzainek eragotzi egin zieten.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak kaleratutako oharrarenarabera, gauerdirako hamar bat minutu falta zirela lagun talde bat Konstituzio plazako oholtzara igo zen. Presoen argazkiak erakusteko erabili ohi diren euskarriak zeramatzaten gainean, baina presoen argazkiak estalita zituztela. Gaztelubideko danborrada San Sebastianen martxa jotzen hasi eta Odon Elorza alkatea bandera igotzen ari zela, estalki zuria kendu eta presoen argazkiak utzi zituzten agerian. Horrekin batera, Jon Anza bederatzi hilabete desagertuta daraman Donostiako preso ohia non den galdetuz mosaiko bat osatu zuten.Herrizaingo Sailaren arabera, Gaztelubideko danborradak lehen bi martxak jotzen zituen bitartean egon ziren horrela. Gero identifikatu egin zituzten, eta argazkiak erakusten segitzea eragotzi zieten.

Halaber, beste lagun batzukAmnistia jartzen zuen pankarta batekin oholtzara igotzen saiatu ziren. Erabat zabaltzea lortu aurretik pankarta kendu zieten udaltzainek. Gertakari horiek ematen ari ziren unean txistu hotsak entzun ziren Konstituzio plazan.

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi duenez, «justiziaren aurrean» agertu beharko dute identifikatutako lagun guztiak, «legez kanpoko pankartak» erakutsi dituztelako. Ertzainen eta udaltzainen lana txalotu du, halaber, Aresek, poliziei esker «inoizko danborradarik garbiena» egitea lortu dutelako. «Herritar guztiek telebista bidez ikusi ahal izan dute legea urratzen duten abertzale erradikalen kartelik gabeko danborrada izan dela, inoizko garbiena».

Donostiako Aralarrek -PSE-EErekin eta Alternatibarekin gobernatzen du Donostian-, berriz, Herrizaingo Sailaren eta Ertzaintzaren jarduera kritikatu du, «adierazpen askatasunaren kontra» egin dutelako. «Tortura salatzea, presoak jatorrizko kartzeletara gerturatzeko eskariak edo independentzia eskatzeak ez du inor mehatxatzen, eta ez dira iraingarriak».

Ertzainak etxez etxe

Identifikazioez gain, Konstituzio plazako etxeetan egon zen Ertzaintza herenegun arratsaldean. Etxe batzuetara kaleko jantziekin joan ziren, eta beste batzuetara aurpegia estalita. Bizilagun batzuek jakinarazi dutenez, auzokideei ohartarazi zieten leiho eta balkoietan presoen argazkiak edo haien aldeko ikurrak jartzen bazituzten «terrorismoa goratzea» egotziko zietela. Herrizaingo sailburuorde Rafael Iturriagak sinatutako agindu bat jaso zuten zenbait bizilagunek.

Lehenengo aldia da San Sebastian egunaren bezperan Ertzaintzak halako neurriak hartzen dituena.Udako herriko jaiak zirela-eta Herrizaingo Sailak kanpaina bat abiatu zuten euskal presoen irudi eta ikurren aurka. Aurretik, baina, hainbat etxetara joan ziren poliziak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.