Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Pablo Casado PPko lehendakari izendatu berria atzo arratsaldean batzartu ziren Moncloan. Bilera amaitu ostean, agerraldi bat egin zuen Casadok, eta, besteak beste, euskal presoei bestelako espetxe politika bat ezartzeko aukera izan zuen hizpide.
Zehazki, esan zuen PPk ez duela "onartuko" ezein preso Euskal Herriko espetxeetara lekualdatzea: "Gure oposizioa erabatekoa da". Gainera, iragarri zuen PPk "memoria, duintasun eta justizia lege bat" aurkeztuko duela "terroristak goratzea galarazteko".
Casadoren oharraz galdetu diote gaur Sanchezi, ministroen kontseilu osteko agerraldian. Azpimarratu du zenbait gaitan "estatu oposizioa" egin beharra dagoela, eta berariaz aipatu ditu Kataluniako auzia, immigrazioarena eta "ETArena eta presoena".
"Casadori eskatzen diot koherente izateko bere alderdiak orain arte eginikoarekin gobernuan egon denean. Eta hor geratuko naiz", esan du Sanchezek.
Elkarretaratzeak hondartzetan
Bestalde, Etxerat elkarteak elkarretaratzeak antolatu ditu astebururako hainbat hondartzatan, bestelako espetxe politika bat ezar dadila eskatzeko. Larunbatean, Plentzian elkartuko dira, 12:30ean.
Igandean egingo dituzte mobilizazio gehienak: Bizkaian, Muskiz, Laida, Laga, Laidatxu (Mundaka), Lekeitio eta Ondarroan, 12:00etan; Bakion 12:30etan; eta Ean 13:00etan. Gipuzkoan, Deba, Zarautz, Orio eta Donostian, 12:00etan; Mutrikun 12:30ean. Eta Lapurdin, Hendaian, 12:00etan.