Bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak ekainean egindako jardunaldiaren ondorioak jakinarazi dituzte, Donostian, Aquariumean egindako ekitaldi batean. Haiekin izan dira Harremanetarako Nazioarteko Taldearen ordezkari Brian Currin, Raymond Kendall eta Alberto Spektorowski. Bake Bidea eta Lokarri dira foroaren sustatzaileak.
Euskal presoen "oinarrizko eskubideen errespetuari dagozkien gaiak eta presoen itzultzeari dagozkienak bereiztea" proposatu du Foro Sozialak. Izan ere, haren arabera, presoen eskubideak "baldintzarik gabe bermatu behar dira, edozein dela bake prozesua eta bizikidetzarekiko beren jarrera". Bestetik, haien itzulerarako, "baldintzak argitu eta adostea komeni da".
Presoen eskubideei dagokienez, Espainiako eta Frantziako gobernuei sakabanaketa estrategia bukatzeko eskatu die. Proposamenaren arabera, presoek aukeratuko lukete zein kartzelara lekualdatu.
Larri gaixorik dauden presoak eta adin "handikoak" askatzeko neurriak ere galdegin dituzte. "Baldintzapeko askatasuna ezartzeari ekin behar zaio". Kartzela zigorra bete duten presoen askatasuna atzeratzeko neurriak ere bukatu behar direla dio Foro Sozialak bere ondorioetan.
Halaber, "presoen itzulera errazteko neurri zehatz batzuk" hartu behar direla proposatu dute: Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari espetxe eskumena igorri Espainiako Gobernuak, askotariko adostasuna bake eta bizikidetzarako, eta presoak elkarbizitzarako konpromiso "garbia" izatea —"indarkeria bideei uko eginez eta egindako minaren aitorpen zintzoa egiteko konpromiso garbia hartuz"—.
Euskal Herrian bizi den gatazkan konponbidean laguntzeko sorturiko taldea da Harremanetarako Nazioarteko Taldea. 2011ko otsailaren 14an aurkeztu zituen hango kideak Currin bitartekariak: Silvia Casale, Pierre Hazan, Raymond Kendall, Nuala O'Loan eta Alberto Spektorowski.