Espetxe politika «errotik» aldatzea nahi du LAB sindikatu abertzaleak. Horregatik, kanpainabat hasi du euskal presoen gaur egungo egoera enpresetan salatzeko. Jabi Garnika eta Olatz Arozena sindikatuko zuzendaritzako kideek, beste hainbat lagunez inguratuta, kanpaina horren berri eman zuten atzo Donostian. Jakinarazi zutenLABek ordezkaritza duen 97 enpresatako sailek dagoeneko bat egin dutela kanpainarekin. Horien artean daude Michelin, CAF, Unipapel, Arcelor Mittal, Alfa Deco eta Tubos Reunidos. Hala ere, LABek aurreratu du kanpaina hasi besterik ez dela egin, eta hurrengo egunetan are enpresa gehiagok kanpainarekin bat egitea espero dutela.
Enpresa horietan elkarretaratzeak egingo dituzte, eta, gainera, langileek preso politikoen eskubideen aldeko itsasgarriak eta banderatxoak banatzeko asmoa dute. Modu horretan aldarrikapen horretan «modu aktiboan» parte hartzera dei egin diete langileei Garnika eta Arozena LABeko kideek.
Presoak, «eragile aktiboak»
Javi Garnikaren irudiko, Euskal Herrian ziklo politikoaren aldaketak egungo espetxe politika errotik aldatzea exijitzen du, horrek ahalbidetu egingo duelako gatazkaren konponbide demokratikoa. «Zuzenbide irizpideen araberakoa izan behar du, eta Euskal Herrian oraindik irauten duen gatazka politiko luze eta mingarri honi amaiera emango dion konponbide prozesu horretan euskal preso politikoak eragile aktiboak izan behar dute».
LABeko kideak nabarmendu du konponbide demokratiko baten aldeko hautuarekin gainditu egin behar direla «ehunka euskal herritar espetxera edoerbestera bultzatu dituzten arrazoiak».«Behingoz, euskal gatazka politikoari konponbide bat eman behar zaio, eta eragin dituen ondorioak gainditu egin behar dira, horien artean daude euskal preso politikoak eta erbesteratuak».
Horregatik, LABek azpimarratu du Frantzian zein Espainian egun indarrean dagoen espetxe politika aldatu egin behar dela. Hala, sakabanaketa amaitzea, gaixo diren presoak aske uztea eta senideek presoak bisitatzen dituztenean «tratu umiliagarria» ez izatea exijitu du, besteak beste. «Egungo espetxe politika indargabetu egin behar da», laburbildu du Javi Garnikak. Haren ustez, egungo politika horrek «jazarpen kutsu argia» du.
Urtarrilaren 8ko Bilboko manifestazioaren ondotik erabaki du LABek kanpaina horri ekitea. Alde batetik, espetxe politika aldatzeko, enpresetan langileen konpromisoak sendotu nahi dituzte; bestetik, herrietan hileko azken ostiralean egiten diren mobilizazioetan langileek ere parte hartzea nahi dute.
Presoen egoera salatuko dute enpresetan
LABek bultzatuko duen kanpainarekin bat egin dute ia ehun enpresatan, hala nola CAF, Michelin eta Arcelorren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu