Euskal presoen eskubideen aldeko aldarria ozen entzun zen atzo Euskal Herriko hainbat txokotan, Herrira elkarteak deituta hamaika mobilizazio egin baitziren. Euskal presoak Euskal Herriratzeko, gaixotasun larriak dituztenak kaleratzeko eta Parot doktrina bertan behera uzteko eskatu zuten batik bat protestetan.
Egun osoko egitaraua egin zuten, esaterako, Iruñeko Iturrama auzoan: Elkartasun Eguna antolatu zuten. Itzubaltzetan (Bizkaia), berriz, Euskal Presoak Euskal Herrira eguna antolatu zuten. Iruñean bertan, giza katea egin zuten eguerdian gaixotasun larriak dituzten presoak aska ditzatela eskatzeko, eta Basaurin (Bizkaia), Txus Martin presoa libre uzteko protesta egin zuten. Lizarran (Nafarroa), berriz, Herrira mugimenduaren aurkezpena egin zuten arratsaldean.
Zornotzan (Bizkaia), bestalde, manifestazioa iragarri zuten datorren larunbaterako, Iñigo Akaiturri eta Juan Jose Legorburu herriko presoak aska ditzatela eskatzeko. Zornotzako eragile politiko eta sindikalek zein hainbat arlotako pertsona ezagunek babestu dute manifestazioa. Bi presoek ezarritako zigorra bete dutela eta libre beharko luketela salatuko dute mobilizazioarekin. Izan ere, Parot doktrina ezarri dietela-eta euren eskubideak urratuta daudela salatu du Herrira-k. Hala, espetxe politika gatazkaren konponbidearen parametroetan jartzeko eta «muturreko neurriak» bertan behera uzteko eskatu du.
Kalparsororen jarrera
Juan Kalparsoro EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko fiskalburuak adierazi du Parot doktrina «zehazteko garaia» dela, «bidegabekeria materialeko egoerak» sor ez daitezen. Kalparsorok espero du Espainiako Auzitegi Konstituzionala «lehenbailehen» erabakitzea doktrinaren inguruan, «oinarrizko eskubidea den askatasunari» eragiten diolako. Gogorarazi duenez, Parot doktrina Auzitegi Gorenak Fiskaltzaren jarreraren aurka ezarritako irizpidea izan zen.
Presoak jaioterrira gerturatzearen alde agertu da EAEkofiskalburua, uste baitu «lehentasunezkoa» dela espetxeratuek zigorra betetzen duten lekutik «gertuen» egotea. Baina ETAko presoen kasuan «banakako gerturatze» neurriak hartu beharko liratekeela iruditzen zaio. Alde horretatik, baztertu egin ditu «gerturatze masiboak» eta «erabaki kolektiboak».
Presoen eskubideen aldeko aldarria, ozen
Herrira-k deituta, euskal presoak gerturatzeko eta 'Parot doktrina' ezabatzeko eskatu dute hainbat mobilizaziotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu