Euskal presoen giza eskubideen inguruan galdetu du Cornelis de Jong GUE/NGL taldeko europarlamentariak Europako Legebiltzarrean. Europako Batzordeari egin dio galdera, idatziz. Hiru puntu ditu itaunak, eta, bereziki, azalpenak eskatzen ditu Espainiako Gobernuak euskal presoen aurka daraman politikaren inguruan; batez ere, sakabanaketa politikaz Europako Batzordeak duen iritzia jakin nahi du europarlamentariak. Idatzian dio presoak sorterritik ehunka kilometrotara dauden kartzeletan dituztela «senide eta lagunengandik bakartzeko asmoz». Maiz badaezpadako espetxealdian eta galdeketetan torturatzen dituztela salatzen dutela eta harremanak eta bisitak ukatzen dizkietela ere nabarmendu du.
Hori horrela, Espainiako Gobernuari presoen eskubideen urratzeen inguruko azalpenak eskatuko ote dizkion galdetu dio Europako Batzordeari GUE/NGLko parlamentariak. Modu berean, eta azalpen horiek nahikoak izango ez balira, Espainia Europako Justizia Auzitegira eramateko prest ote dagoen jakin nahi du, honek giza eskubideekin zerikusia duten arauak betetzera behartu dezan.
Galdera idatzia denez, Europako Batzordeak modu berean erantzun beharko dio Cornelisde Jongi.
Presoen eskubideen inguruan galdetu dute Europan
Cornelis de Jong europarlamentariak sakabanaketari buruzko iritzia eskatu dio Europako Batzordeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu