Hogei urte baino gehiago daramatza Txaro Garciak Ortuellako (Bizkaia) Etxez Etxeko Langileen Zerbitzuan lanean. Sei orduko lanaldia du, eta, etxez etxeko langile ugarik bezala, eguneko zentroetara doazen pertsonak artatzen hasten du eguna. Beste etxe batzuetara joaten da gero, «arreta pertsonaleko» zerbitzua ematera. Oro har, sei orduko lanaldia dute etxez etxeko langileek. Halere, horrek ez du esan nahi jarraian egiten dituztenik: «Prestasuna izan behar dugu goizeko seietatik gaueko hamarrak arte».
Prestasun horrek erabat eragozten die, besteak beste, familia kontziliazioa. «Agian langile batek ordu bat egiten du lan goizeko zazpietatik zortziak arte; horren ostean, ez du lanik eguerdira arte, eta hiru orduko zerbitzuaren ondoren, 17:00etara arte ez du beste lanik». Azken finean, «egun osoa» ematen dute lanean: «Non dago langileen bizitza?».
Araban egoera ez da oso diferentea. Landa eremuan egiten du lan Kris Azazetak; Mendialdean eta Lautadan, hain zuzen. Lurralde hartan, hamabi orduko prestasuna izan behar dute langileek: «Goizeko zortzietan hasten badugu lanaldia, 20:00etan amaitu dezakegu». Bizkaian bezala, zerbitzuak ez dituzte jarraian eskaintzen.
«Langile batzuek soldata bermatua dute, baina beste batzuek ez; hau da, lan egiten dugun orduen arabera ordaintzen digute soldata», zehaztu du Azazetak. Lanaldi «laburrak» ematen dizkiete, edonoiz aldatu daitezkeenak: «Deitu ahal zaituzte ordu erdiren buruan zerbitzu bat egiteko». Beraz, egun osoan prest egon behar dute, telefonoari lotuta. «Gainera, erabiltzaileren bat ospitaleratzen badute, zerbitzu hori kentzen dizute; are, ez dizute ordaintzen eta ez dizute beste zerbitzu bat bermatzen».
Ordutegia desegokia dela azpimarratzeaz gain, bi langileek uste dute pertsona bakoitza artatzeko duten denbora ez dela nahikoa. Azazetak jakinarazi duenez, batzuetan ordu erdi besterik ez dute pertsona artatzeko. «30 minutuan afaria ematea eta pertsona oheratzea ezinezkoa da». Kalitatezko zaintza eman nahian, denbora gehiago egiten dute lan, baina hori ez diete ordaintzen.
«Erabiltzaileren bat ospitaleratzen badute, zerbitzu hori kentzen dizute; are, ez dizute ordaintzen eta ez dizute beste zerbitzu bat ematen».
KRIS AZAZETAMendialdeako eta Lautadako etxez etxeko langilea
Etxez etxeko langileen %99 emakumeak dira, Garciaren arabera. «Sektore feminizatua da, eta erabat prekarizatua». Hain zuzen, zortzi urtean 31 euroko soldata igoera izan du Ortuellako langileak: zazpi urtez iraungita egon da lan hitzarmena «%0ko igoerarekin». Iaz, bost urterako hitzarmena sinatu zuten CCOO eta UGT sindikatuek, eta orduan igo zioten soldata: 31 euro gehiago. «12 urtean %17,5eko igoera izango dugu; barregarria da hori, ez digulako erosahalmena bermatzen».
Araban ere CCOOk sinatu zuen hitzarmena 2022an. Kasu horretan, gutxiengoarekin. Lan hitzarmenean %1eko soldata igoera adostu zuten 2023ko hasieran, eta %3koa urtearen erdialdean. 2024rako, berriz, %13ko igoera adostu zuten, betiere urte horretan esleipen berri bat egiten bazuten. Oraintxe, beraz, diferentziak daude langileen artean: batzuek igoera izan dute, eta beste batzuek ez. Lan hitzarmena gutxiengo batek sinatu zuenez, ezin zaie hitzarmena langileei aplikatu, langileak haiek atxikitzen ez baldin badira. Azazetak azaldu duenez, egun, Lautadako sei langilek oraindik aurreko hitzarmena dute.
«Negozio bat da»
Ortuellako langileek bi urte daramatzate zerbitzua publikoa egiteko eskatuz; egun, enpresa pribatuek kudeatzen dute. «Negozio bat da», salatu du Garciak. ELAko ordezkari sindikala da, eta, beste langile batzuekin batera, agerraldia egin zuen azaroan, Ortuellako, Leioako, Galdakaoko, Zornotzako, Txorierriko eta Busturiako zerbitzuak publiko egiteko eskatzeko. Garciak azaldu duenez, zerbitzua hobetuko litzateke udalek kudeatuko balute. «Diru publiko hori enpresentzat izan beharrean, erabili ahalko lukete langileen zein erabiltzaileen baldintzak hobetzeko».
Araban ere enpresa pribatuek kudeatzen dute zerbitzua. «Gasteizen udalak kudeatzen du, eta landa eremuan, aldundiak, baina dena dago azpikontratuta», zehaztu du Azazetak. Egoera «dramatikoa» dela deritzo landa eremuko langileak. LABeko ordezkari sindikala da, eta, sindikatuarekin batera, «soldata duinak eta bizitza duina» exijitu ditu. «Lanaldien egonkortasuna nahi dugu, eta goizeko, arratsaldeko zein asteburuko txandak egon daitezela, familia bizitzarekin uztartu ahal izateko».
«Diru publiko hori enpresarentzat izan beharrean, erabili ahalko lukete langileen zein erabiltzaileen baldintzak hobetzeko».
TXARO GARCIAOrtuellako etxez etxeko langilea
Arabarekin eta Bizkaiarekin alderatuta, Nafarroan eta Gipuzkoan ez dute lan hitzarmenik. Hala azaldu du Aintzane Orbegozo ELAko Gizalaneko zuzendaritzako kideak. Gipuzkoan, hain zuzen, hamazortzi hitzarmen dituzte udalekin, gutxienez. Eta horiek «pauso handia» eman dute soldatetan; partzialtasuna ordenatzeko irizpide batzuk ere jaso dituzte. Hala ere, Orbegozok onartu du etxez etxeko langileen artean oraindik partzialtasun asko dagoela. «Horrek soldatak baxuagoak izatea eragiten du». Prestasun handiak eta partzialtasunak «egoera zaurgarrian» uzten ditu langileok.
Udaleko hitzarmena dutenen eta ez dutenen artean diferentzia nabarmenak daude: «Soldatan, esaterako, %30ekoa». Hori dela eta, lanean ari dira, udal gehiagotan hitzarmen gehiago lortzeko helburuarekin. Hala ere, badute jomuga argi bat: «Zerbitzua beste modu batera kudeatzea eta publikoa izatea nahi dugu: enpresek negozioa egiteko baino gehiago, diru publikoa zerbitzua bera eta langileen baldintzak hobetzeko erabili behar da».