Dena prest dago Prestige ontziaren epaiketa hasteko. Gaurtik aurrera, 1.500 pertsonaren salaketak argituko dira A Coruñako (Galizia) pabiloi bateko areto berezi batean. 70 abokatu bilduko dira, 98 peritu, eta 140 lagunek emango dute lekukotasuna. Akusatuen aulkian, berriz, hiru lagun eseriko dira, nahiz eta kasuan lau auzipetu egon —Ireneo Maloto ontziaren lehen ofizialaren arrastorik ez dago—. Apostolus Manguras ontziko kapitaina, Nikolaos Argyropoulos marinela eta Jose Luis Lopez Sors artean Itsas Merkataritzako zuzendaria zena eseriko dira epailearen aurrean.
Zazpi hilabete inguru iraungo du epaiketak, eta fiskaltzak lau eta hamabi urte bitarteko kartzela zigorra eskatu du lau akusatuentzat. Kaltetuek 4.000 milioi euroko kalte-ordaina eskatzen dute. Euskal Herritik oso jende gutxik jo zuen auzitara bere garaian, arrantza kofradiek eskaini zieten dirua onartu baitzuten, bide penalari uko eginez.
Hondamendi ekologikoa gertatu zela hamar urte beteko dira laster, eta oraindik petrolioa ez da desagertu hainbat tokitatik. 2002ko azaroaren 13an gertatu zen istripua Galiziako kostan, eta sei egun geroago hondoratu zen ontziak77.000 tona erregai isuri zituen, Letoniatik Gibraltarrerako bidea ari zen egiten. Hurrengo egunetan ezbeharra arazo ekologiko bihurtu zen, marea beltza zabaldu egin baitzen. Corcuviongo epaitegiak hartu zuen bere gain ikerketa, eta zazpi urteren buruan 250.000 folioko txostena idatzi zuen. Ondoren heldu ziren helegiteak. Orain, kasua argitzeko propio atondutako areto batean hasiko da epaiketa.
Greenpeace, haserre
Hasi, ordea, ez da talde ekologistek nahi bezala hasiko. Joan den astean Ekologistak Martxan taldeak egin bezala, Greenpeacek ere salatu du ez dituztela epaituko arduradun nagusiak. Nabarmendu du hondamendia politikarien erabaki okerrengatik gertatu zela. Gaineratu du ez direla neurriak hartu halako istripu bat berriro ez gertatzeko: «Bihar beste ezbehar bat gerta daiteke».
'Prestige auziko' epaiketa gaur hasiko da, ontzia hondoratu eta hamar urtera
Zazpi hilabete iraungo du, eta fiskaltzak lau eta hamabi urte arteko espetxe zigorra eskatu du lau akusatuentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu