'Prestige' ontziko korrosioaren berri bazuen kapitainak

Epailearen aurrean, Apostolus Mangurasek deklaratu du ez zuela azterketen inguruko ardurarik

2012ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Prestige petroliontziaren gidaritza hartu zuenean, ontziaren lasta tankeen korrosioaz jabetu zen Apostolus Manguras kapitaina; hala adierazi zuen atzo, epailearen aurrean. Ez zuen azaldu, ordea, zegatik ez zuen hori jaso 2002ko urrian ontziaren egoeraren berri emateko sinatutako txostenean. Mangurasek zehaztu zuen bera ez dela «teknikoa» eta ez dela korrosio maila «neurtzeko gai».Hala izanik, agertu zuenez, ez zuen ontziaren «benetako» egoeraren berri.

Mangurasek hondamendi ekologikoa gertatu baino hilabete bi arinago hartu zuen ontziaren gidaritza, eta, atzo azaldu zuenez, ez zuen haren azterketa teknikoetan parte hartzen. Coruñan (Galizia) egin zituen adierazpenak, hondamendi ekologikoaren auziaren epaiketan. Bihar jarraituko du deklaratzen.

Ontzia zati bitan banatu eta hamargarren urteurrenean heldu zioten berriro epaiketari, atzo. Kapitainak gogor kritikatu zuen Espainiako Gobernuak petroliontzia kostatik urruntzeko hartutako erabakia: «Hartu zitekeen erabakirik okerrena izan zen», azaldu zuen, «itotzera eraman gintuzten, hilkutxa hegalari batean». Horrekin batera, argitu zuenez, ez zekien ontziak nazioarteko hainbat portutan sartzeko debekua zuenik: «Nire gidaritzan, herrialde horietara heldu ginen», gaineratu zuen. Besteak beste, Amerikako Estatu Batuetan,Kuban, Libanon eta Finlandian sartzeko debekua zuen ontziak.

Argitu zuen ez zuela ontziaren «irregulartasunez» ohartarazten zuen aurreko kapitainaren txostenaren berri ere. Ordea, aitortu zuen «ontziaren gidaritza hartu aurretik» bere aurrekoaren nabigazio liburua irakurri zuela. Fiskalaren arabera, liburu horretan ontziaren «gabeziak» aipatzen zituen kapitain ohiak.

Mangourasek hainbat abokaturen galderei erantzuteari uko egin zion, edadetua zela argudiatuta. Hala, fiskalaren, Espainiako Estaturen Abokatutzaren eta defentsaren galderei baino ez zien erantzun. Auzipetutako arduradun zibilen abokatuei ere erantzun zien, London Steam-Ship Owners aseguru etxeko eta Hidrokarburoen Kutsaduragatik Kaltetutakoen Nazioarteko Funtsaren abokatuei.

Kapitainak hamabi urteko kartzela zigor eskakizunari egin beharko dio aurre, ingurumenaren kontrako atentatuagatik, kalteengatik eta desobedientziagatik. Azaroa amaitu bitartean, beste auzipetuek ere deklaratuko beharko lukete, Jose Luis Lopez Sors Espainiako Merkataritza Ontzidiko zuzendari nagusi ohiak eta Nikolaos Argiropulus eta Ireneo Maloto ontziko ofizialek. Maloto desagerturik dago, eta azalduz gero, aparte epaituko dute. Urriaren 16an abiatu zen epaiketa, Galizian inoiz egindako handiena.

Erantzule politikorik ez

Hondamendi ekologikoaren erantzule politikoak auzitik kanpo geratu direla salatu zuten atzo Greenpeace elkarteko ekintzaileek. Hala, Mariano Raxoi, Jaume Matas, Francisco Alvarez Cascos, Miguel Angel Arias Cañete eta Arsenio Fernandez de Mesa politikarien argazkiekin pankarta bat zabaldu zuten. «Erantzuleak non ote dira?», galdetzen zuen pankartak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.