Errezeta diferenteak egin behar dituzte atzoz geroztik Hego Euskal Herriko sendagileek: gaixoak zer duen, horri aurre egiteko printzipio aktiboa adierazi behar dute errezetan, ez sendagai baten marka. Aldaketa igarri dute farmazietan ere. Desberdin jokatuko dute: medikuak agindutako printzipioa daukatenen artean, botika merkeena eman behar dute. Osakidetzak eta Osasunbideak espero dute urtean 56 milioi euro aurreztea neurri horren bitartez.
Udan adostu zuten sistema hori Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek. Botiketan egiten duten gastua kontrolatzea dute helburu. Horretarako, lehendik hasitako bidean aurrera egitea erabaki dute: botika generikoak sustatzea, markakoen ordez. Garestiagoak izaten baitira izen komertziala duten sendagaiak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiru botikatik ia bat ematen dute generikoa; Nafarroan, lautik bat. Aurrerantzean erabat horiek lehenetsiko dituzte.
Neurria indarrean da atzotik, baina lehenagotik ere ari dira nabaritzen eragina. Botika merkeena eman behar dute farmazialariek, eta horietan erreferentzia izateko prezioen zerrenda lehendik kaleratua du Espainiako Gobernuak; jaitsi egin ditu prezioak. Enpresek ere apaldu egin dituzte, bestela ez bailukete aukerarik izango sendagaiak saltzeko.
Argi azaltzeko eskaria
Neurria mesederako izango dela diote erakundeek, diru asko aurreztuko dutelakoan. Leire Pajin, Espainiako Osasun ministroa: «Aurrezten den dirua erabili ahalko da farmaziei eta hornitzaileei pagatzeko, eta horrela diru laguntzak bermatzeko». Botika generikoek besteen adinako balioa daukatela nabarmendu du, prezioan soilik dagoela diferentzia. Hori gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak ere, orain artekoan segitu ahal dutela gaixoek botikak hartzen.
Batzuei, ordea, aldatu egingo dizkiete botikak: markakoa bazuten, generikoa izango dute. Hori zaintzeko eskatu dute farmazialarien elkarteek. Jendea nahas daitekeelakoan, botiken kaxak-eta argiago egitea galdegin dute; gisa bereko sendagaiek antzeko itxura izatea nahi dute. Jaurlaritzak dio segurtasuna handitu egingo dela, zer hartzen duten jakingo dutelakoan herritarrek.
Arau orokorra da hori: printzipio aktiboa, dosifikazioa eta hartzeko modu berak dituzten botiken artean merkeena ematea. Ordea, markako sendagaiak ematen segi dezakete medikuek kasu batzuetan. «Salbuespenak» izango dira, Osasun Ministerioaren arabera. Hala, errezetan markako sendagaiak adieraztekotan, «behar terapeutiko justifikatu bat» eman beharko du medikuak, eta sinatu egin beharko du agiria. Estuagoa da neurriari iskin egiteko beste ataka: markako sendagaia adierazi ahalko dute errezetan, merkeena hori baldin bada.
Neurria atzotik indarrean dago Hego Euskal Herrian. Ordea, protesta egin dute Nafarroako farmazialariek: sistema ezarri behar, eta ez dietela informaziorik eman.
Printzipio bereko botiketan merkeena emanda 56 milioi aurreztuko dira Hegoaldean
Sendagaiaren marka ez, printzipio aktiboa ageri beharko da medikuen errezetetan; guztietan merkeena emango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu