Lau azterketa orokortu ezarri zituzten LOMCE erreforman, eta aurten martxan izango dira guztiak. Hori bai, erabat urardotuta: eragin akademikorik ez dute izango azterketek, Batxilergo bukaerakoak izan ezik.
Lehen Hezkuntza, 3. maila
Zer ebaluatuko dute? Bost alor aipatu ditu Eusko Jaurlaritzak: Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Matematika eta Zientzia. Nafarroan, Zientzia ez beste laurak egingo dituzte.
Nortzuek egin behar dute? Hirugarren maila amaitzear diren ikasle guztiek, dekretuen arabera. Barne ebaluazioa denez, proben ardura eskolen gain utzi dute: noiz egin, zuzendu... Halere, bi gobernuek prest dauzkate eredu batzuk.
Zer eragin edukiko du? Zuzenik ez: maila berdin pasatuko dute ikasleek. Hutsuneak atzematea eta eskolaren egoera zein den jakitea dute xede.
Lehen Hezkuntza, 6. maila
Zer ebaluatuko dute? Bost alor: Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Matematika eta Zientzia.
Nortzuek egin behar dute? Ikastetxeen lagin batean egingo dute, Espainiako Hezkuntza Ministerioarekin hitzartu zutenez. Iaz eskola guztietan egiteko agindu zuten Nafarroan; Jaurlaritzak ez zuen egin.
Zer eragin edukiko du? Zuzenekorik ez. Lagin bat izango denez, sistemari buruzko datuak izango ditu, ez ikasle bakoitzaren egoerari buruzkoak.
DBH, 4. maila
Zer ebaluatuko dute? Laugarren mailako enborrekoak: Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Geografia eta Historia, Matematika, eta adarreko bi ikasgai.
Nortzuek egin behar dute? Lagin bat izango da, ministerioarekin adostuta. Ikasle guztiek ez dute egin behar, beraz.
Zer eragin edukiko du? Batere ez. Ikasleek berdin-berdin jasoko dute titulua azterketa egin edo ez, gainditu edo ez.
Batxilergoa, 2. maila
Zer ebaluatuko dute? Batxilergoko bigarren mailako enborreko ikasgaiak: Espainiako Historia, Gaztelania, Ingelesa, Euskara, eta Batxilergoko adarrarekin lotutako hiru alor.
Nortzuek egin behar dute? Unibertsitatera joan nahi dutenek. Selektibitatean bezalaxe.
Zer eragin edukiko du? Tituluari begira, batere ez: Batxilergoko titulua jasotzeko ez da egin beharko. Unibertsitateko sarbide notarako beharko da.
PROBA BERRIAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu