Proba egin zaienen artean azken hileko positibo gutxien erregistratu dira

Eusko Jaurlaritzaren arabera, proba egin zaienen %27k eman dute positibo; martxoaren 7tik erregistratutako ehunekorik txikiena da. 

Nekane Murga Osasun Sailburua, joan den asteko agerraldi batean. IREKIA
Paulo Ostolaza.
2020ko apirilaren 7a
13:47
Entzun

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak mezu baikorrak helarazi ditu gaurko gobernu bileraren ostean egindako agerraldian: «Proba egin zaienen artean, %27k ematen dute positibo, geroz eta gutxiagok». Martxoaren 7tik erregistratutako ehunekorik apalena da. Murgaren arabera, «beheranzkoa da joera»: ospitaleratutako pertsonak gutxitu egin dira, eta sendatutakoak 3.700 dira jada.

Halere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 211 kasu berri baieztatu dituzte azken orduetan (9.021 guztira), eta horietatik 1.725 ospitaleratuta daude. Atzotik hildakoak, berriz, 38 dira; EAEn 586 dira COVID-19ak hildako pertsonak.

Lurraldeka, Bizkaian 4.717 pertsona daude kutsatuta, eta horietako 1.105 ospitaleratuta. Araban baieztatutako 2.744 kasuetatik 271 daude ospitalean, eta Gipuzkoan, berriz, positibo eman duten 1.560tik 349 daude ospitaleratuta.

Gaur onartutako neurri ekonomikoez ez ezik, larrialdi egoera luzatzearen alde ere jardun du Iñigo Urkullu lehendakariak; haren hitzetan, oraintxe, «lehentasuna osasun larrialdiko egoera baita». Dena den, lehendakariak azpimarratu du Jaurlaritza hasia dela etorkizunerako lehen pausoak ematen; adibidez, «normaltasunera itzultzeko plana» landuz: «Hezkuntza arloan, ikasturtearen amaiera antolatu behar dugu, eta hurrengo ikasturtea lantzen hasi behar dugu, eta, horrekin batera, datozen asteetan erabakiak hartuko ditugu arlo ekonomikoan eta sozialean».

Aste Santua

Agerraldia amaitzeko, Urkulluk iragarri du Segurtasun Sailak operazio berezi bat martxan jarriko duela herritarrei bigarren etxeetara mugitzea eragozteko: «Aste Santu honetan etxean jarraitu behar dugu, eta egindako lan guztiari eutsi. Bide onean goaz».
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.