Produktu osoagoa eskainiko du BERRIAk datorren ostiraletik aurrera

Informazio nazionala eta tokikoa batera emango ditu ostiralero egunkarian, eta Interneteko eskaintza zabalduko du

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Etorkizunera begira jarri da Euskarazko Komunikazio Taldea (aurrerantzean, BERRIA Taldea), eta beste urrats gehiago egitera doa: azaroaren 5etik aurrera produktu berritua eta osoagoa eskainiko du. Informazio nazionala eta tokikoa batera emango ditu ostiralero, eta papera eta Internet egoera berrietara egokitutako eskaintza izango da. Eskaintza berri hori ardatz hartuta, harpidetza kanpaina zabala hasiko dute egun horretatik aurrera, produktu berria bideragarri egiteko.

Izan ere, ez dago une samurrean BERRIA Taldea. Bi urteotan gogoeta sakona egin du, batez ere krisi egoerak eraginda. Krisi ekonomikoari, gainera, komunikabideek pairatzen ari diren eredu krisia gehitu behar zaio, batik bat Internetek eta teknologia berriek eragindako ohitura aldaketengatik. Egoerak elkartu ditu taldea osatzen duten komunikabideak eta egokitzapenak egin dituzte produktuetan, etorkizunera begira proiektu sendoa garatu eta euskarazko komunikabideen sareari eusteko. Egoera ekonomiko larritik ateratzeko produktua izatea nahi dute.

Egoera larria

Euskarazko hedabideek inoiz ez dute izan garai errazik, eta egun garai are zailagoa dute, batez ere honako hiru arrazoiek eraginda: euskararen egoera soziolinguistikoak, hedabideen negozio aldaketak eta krisi ekonomikoak.

Euskal komunitatea txikia da: gehienez ere, 800.000 dira euskaldunak. Arazoa, baina, euskarak duen egoera diglosikoa da. Izan ere, laurdenak baino ez dute ezagutzen euskara, eta, dudarik gabe, egoera horrek erabateko eragina du hedabideen zabalkunde eta kontsumoan.

Egoera zailtzen duten beste arrazoietako bat hedabideen inguruan izan den negozio aldaketa da. Internet sortzearekin batera, hedabideak kontsumitzeko ohiturak aldatzen ari dira, eta orain arte prentsa, irrati edo telebista bidez jaso izan dena gaur egun Internet bidez jasotzen da. Horrek behartu egin ditu hedabideak euren produktu eta egitasmoak Interneten garatzera, ikus-entzuleak edota irakurleak ez galtzearren. Horrek salmenta eta publizitate bidezko diru sarrerak galtzea eragin du, eta, ondorioz, egungo enpresa egiturei eustea ezinezko bihurtu da, eta, negozio eredu berriak definitzen ez direnez, enpresak behartuta daude gastuak gutxitzera, bai produktuan, bai lan baldintzetan.

Errealitate hori areagotu eta larriagotu egin da, gainera, azken urteotako krisi ekonomikoarekin. Kontsumitzaileak doako produktuetara jo du ordainezko aukerak baztertuz, lehendik txikia zen publizitate inbertsioa izugarri jaitsi da, eta instituzioek ez dituzte zaindu beharrekotzat hartueuskarazko hedabideak.

BERRIA Taldea, ataka zailean

BERRIA ere ez dago salbu egoera horretatik, eta egoera horrek dagoeneko faktura pagarazi dio. Azken bi urteotan egunkari salmenta asko ari da jaisten, nahiz eta aurten BERRIAren kasuan galera hori moteldu egin den. Jaitsiera %2koa izan da.

Bestetik, Hitza egunkariek, eskualdeetan zabalkunde handia lortu duten arren, publizitate fakturazioak ez ditu egin ekonomikoki bideragarri. Diru laguntzak diru sarreren %30 eta %35 artean baino ez direnez, harpidetza bidez bermatu behar izan dute bideragarritasuna, eta, horren ondorioz, eskualde batzuetan harpidedunen %40 galdu dituzte. Hala ere, urteotako ibilbideak erakutsi du egunkari horiek salmenta mugatua izan arren asko irakurtzen direla eta harpidetza ordaintzeari uzten diotenek ere Hitza irakurtzeko bidea egiten dutela.

Publizitateari ere erreparatu behar zaio. Publizitate fakturazioa inoiz ez da izan handia BERRIA Taldeko produktuetan. Egunkari gehienetan publizitate fakturazioa handiagoa izan ohi da salmenta fakturazioa baino, eta BERRIAn ez da izan inoiz horrela. Erakundeen publizitatearen parte txiki bat eskuratzea lortu badu ere, publizitate komertziala -hau da, marka handien publizitatea- ez du lortu erakartzea. Azken bi urteotan, gainera, publizitate fakturazioa %30etik gora gutxitu da BBERRIAn; batez ere, instituzioek publizitatera bideratzen duten dirua gutxitzearen ondorioz.

Arrazoi horiek direla eta, BERRIA Taldea benetan egoera zailean dago. Baliabide urriekin egin behar du aurrera, bi erronkari erantzunez: batetik, euskaraz eskaini beharreko hedabideak birpentsatu eta asmatzea, hartzailearen interesa pizteko eta bideragarri egiteko; eta, bestetik, diru baliabideak eskuratzea, salmentak eta publizitatea indartzeko ahalegina eginez eta beste diru sarrerak sortzeko ahaleginduz.

Diru laguntzak

Krisi egoera honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da instituzioek euskarazko hedabideak lehentasun gisa hartzea. Horretarako, hedabideetan gehiago inbertitu beharko lukete eta diru laguntza politika berraztertu. Bi ekimen proposatzen ditu BERRIA Taldeak: hitzarmen politika eta kultura gaindiko laguntzak aktibatzea.

BERRIAren irudiko, ataka zail horretatik ateratzeko aukera emango luke diru laguntzen kudeaketa deialdi publikoetatik urte anitzetarako hitzarmenen bidera jotzeak; izan ere, urteko laguntzak urte horren bigarren seihilekoan ezagutzea baino eraginkorragoa da. Horregatik, BERRIAren irudiko, hori sustatzea ezinbestekoa da. Aurten, esaterako, urria amaieran egon arren, komunikabideek oraindik ez dakite urte honetarako diru laguntzak zenbatekoak izango diren.

Beste ekimen bat ere proposatzen du BERRIAk: kulturaz gaindiko laguntzak aktibatzea. BERRIA Taldeak, esaterako, 350 langile ditu, eta urtean 1.500.000 euroko BEZa sortzen du eta 2.000.000 euro PFEZ kontzeptuan. Horregatik, BERRIAren arabera, sektore honek lanpostuak sortzen ditu, eta ekarpen ekonomiko garrantzitsua egiten du. Hala, industria edo turismoa bezala interes ekonomikotzat aitortzeko eskatzen du, eta hari laguntzeko politikak sustatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.