Euskarazko komunikabideak une zailean daude. Baina zein da, zehazki, BERRIA Taldearen egoera??
Une honetan BERRIAk inoiz baino irakurle gehiago ditu: papereko irakurleak gutxituz doaz, baina Interneten hazkunde handia izaten ari da. Horrek, ordea, ez du isla bera alde ekonomikoan, eta hor sortzen dira arazoak. Kontraesankorra dirudi egoerak: geroz eta jende gehiagorengana iritsi arren, diru sarrerak jaisten ari dira. Interneten garapenaren ondorioz, komunikabideak krisian sartu dira, eta salmentek behera egin dute. Bestetik, krisi ekonomikoak eraginda, publizitatea eta bestelako laguntzak jaitsi egin dira. Beraz, une honetan BERRIAren egoera zaila da, eta ekonomikoki egoera ezegonkorra.
Hala ere, produktua berritzea erabaki duzue.
Gogoeta egin dugu, eta ikusi dugu etorkizunari begira Interneten egiten ari garen lanean sakondu eta gehiago inbertitu behar dugula. Komunikabideentzako etorkizuna Interneten dago, nahiz eta ez jakin oraindik nolakoa izango den eta ekonomikoki nola izango den posible. Hala ere, euskara eta euskarazko hedabideak Interneteko mundu zabal horretan leku onean kokatzeko apustua egin dugu.
Paperak, dena den, oraindik badu bizitza, jende asko baita prentsaren irakurle. Prentsa da, gainera, guretzat diru iturria. Beraz, hor ere beste jauzi bat egiteko apustua egin dugu: alde batetik, produktu berriak sortzera goaz, eta, bestetik, udazken hau BERRIAren aldeko udazkena izatea nahi dugu.
Produktu berria nolakoa izango den aurreratuko al zenieke irakurleei?
Sarea indartu egingo da, eta www.berria.info-ren eskaintza zabaldu. Gainera, euskaldunen komunitate bat sortu nahi dugu Interneten, BERRIA eta Hitzen bidez. Paperari dagokionez, bi mundu bereizi izan diren informazio nazionala eta tokikoa uztartuko dira. BERRIAtik tokiko informazioa jasotzeko aukera emango da.
Bi gauza kontrajarri egingo ditugu, aldi berean: estutu eta zabaldu. Estutze horretan, BERRIA 40 orrialdeko egunkari bihurtuko dugu, eta Hitzak astean lau egunetan argitaratu. Gainera, BERRIArekin batera banatuko dira eskualde horretan. Zabaltze aldean, ordea, herrialde bakoitzari eskainitako astekari bat argitaratuko da ostiralero, eta orain arteko gabezia bat beteko du: herrialdeei espresuki lotzen zaien informazioa eskainiko dugu.
Eta nolakoa izango da udazkeneko kanpaina?
Proiektu hau berriz ere ekonomikoki bideragarri egiteko deia egingo dugu, euskal prentsak laguntza behar duelako berriro ere. Harpidetzak egiteko deia egingo dugu, eta etxez etxeko kanpaina bat zabalduko dugu, oso eskualde zehatzetan batez ere. Kanpainaren helburua produktua bera ezagutzera ematea da. Hala, herritarrei aukera emango diegu 15 egunez produktua doan jasotzeko, eta gustuko badute, harpidedun egin ahal izango dute.
Zein izan beharko luke euskarazko hedabideen sektorearen erronka?
Batetik, lotan ez geratzea eta aurrera egitea, mundu digitala aukera gisa ikusiz. Eta, bestetik, elkarlana indartzea gure artean. Gauzak elkarrekin egiteko gaitasuna badugu, posible izango dugu egoera iraultzea. Guk egin behar dugun lanaz gain, instituzioek egin beharrekoa ezin da ahaztu. Garaia da instituzioek euskara, euskararen normalizazioa, euskal kulturgintza eta euskarazko komunikabideak estrategikotzat hartzeko. Gaur egun ez diote trataera hori ematen, eta, gainera, baliabideak murrizten ari dira eta krisiari aurre egiteko laguntzetatik at uzten dute euskal mundua. Horren adibide da Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten egin duena: BERRIA Taldeaz aparte, euskal kulturgintzak aurkeztu dituen gainerako proiektuak diru laguntzarik gabe utzi dituzte. Onartezina da.
Inoiz askatuko al dira euskarazko hedabideak laguntzen morrontzatik?
Oraingoz ez, baina ez da ezinezkoa. Dena dela, hori posible izateko, hizkuntz politika osoa aldatu beharko litzateke. Izan ere, herritarren %80 euskaldunak ez diren bitartean, ezinezkoa izango da merkatu handi bat izatea, ingurune euskalduna izatea... Eta egoera horretan euskarazko produktuen kontsumoa sustatzea oso zaila da.
EKTren ibilbidea
2003EKT sortu zen, 24.404 bazkide eta 4.595.900 euroko kapitalarekin.
BERRIA egunkari nazionala eta Tolosaldeko, Oarsoaldeko eta Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak sortu ziren.
2004
Irakurle kopuru handia lortu zuen BERRIAk: 67.500.
Urola-Kostako eta Goierriko Hitzak sortu ziren.
2005
Irutxuloko eta Busturialdeko Hitzak sortu ziren.
2006
Taldearen finantza egoera ona zen. Erronka berriak: Hamaika telebista, beste enpresa batzuekin batera.
BERRIA eraberritu zen.
2007
Enpresa handituz zihoan: 12 milioi euroko aurrekontua eta 170.000 euroren irabaziak.
Hamaika telebistaren egitasmoa aurkeztu zen.
Nora bidaia aldizkariaren lehen alea argitaratu zen.
Krisiaren lehen zantzuak.
2008
Hitza.info herri informazioaren sarea martxan jarri zen.
Iragarkilaburrak.com sortu.
Banaketa, diseinu eta hizkuntza zerbitzuak gizarteratu.
2009
Emaitza ekonomiko txarra: 248.000 euroko galdera.
Hamaika Gasteiz aurkeztu zen.
www.euskalherrikoplaza.com Interneteko salmenta gunea martxan jarri zen.
Gogoeta EKTn, egoerari aurre egiteko.