Proposamen ekonomikoak jendaurrean konparatzeko deia egin diote EAJri

Aralar, Alternatiba eta ezker abertzaleak beren eredua eta EAJ, PP eta PSErena erkatu nahi dituzte jendaurrean

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Alderdiek proposatzen dituzten gizarte ereduen artean herritarrek proposamen sozio-ekonomikoak hautatzeko aukera izan dezatela nahi dute Eusko Alkartasunak, ezker abertzaleak, Alternatibak eta Aralarrek. Parez pare jarri nahi dituzte mahai gainean dauden ereduak, herritar bakoitzak zein eredu nahiago duen erabakitzeko modua izan dezan. Horretan saiatuko dira lau alderdiak. Beraiek proposatutakoari buruzko hausnarketa sustatu eta ekarpenak jasoko dituzte, eta gainontzekoei ere beste hainbeste egiteko eskatu diete. EAJri mintzatu zaizkio bereziki, jeltzaleek defendatzen duten eredu sozioekonomikoa eta PPk zein PSOEk defendatzen dutena bera dela sinetsita.

«Nahi duenean»

«Gizarteari aurkeztu zaizkion bi ereduak konparatzeko dei zuzen eta argia egiten diogu EAJri; ezker subiranistarena, alde batetik, eta EAJrena, PPrena eta PSOErena, bestetik», esan dute Aralarreko Ainhoa Beolak eta EAko Ikerne Badiolak, ezker abertzaleko Joseba Permach eta Alternatibako Amaia Agirresaroberekin egindako agerraldian. «Bi proposamenak aurrez aurre jarri nahi ditugu, EAJk aukeratzen duen eredu eta formatuan, nahi duenean, eta ahalik eta azkarrena».

Beolak eta Badiolak azaldu dutenez, PPren gobernuak martxan jarri duen politika neoliberala eta PSEk eta EAJk gobernatzen dituzten erakundeetan jarraitzen dutena bera da oinarrian. Eredu horren aldean «krisi ekonomiko, finantzario, sozial eta ekologikoari» alternatiba eskaini behar zaiola uste dute. Irtenbidea egon badagoela diote, eta horixe erakutsi nahi diete herritarrei.

Lau alderdiek maiatzaren 1ean aurkeztutako proposamena da horretarako bidea, lauren iritziz. «Burujabetza politiko eta ekonomikoa» oinarri dituena; «neurri guztietan agerian uzten duena beste kudeaketa eredu bat posible dela».

PP «politika ultraliberala» egiten ari dela iruditzen zaie lau alderdiei. «Eskubide sozialak eta herritarren ongizatea deusezten» ari dela, eta, murrizketa eta pribatizazio politikarekin langabezia handitzea eta «murgilduta gauden zuloan gehiago sakontzea» besterik ez dela lortuko. Osasunean zein hezkuntzan egindako murrizketak eta banketxe pribatuei emandako laguntzak dituzte horren erakusgarri.

PSOEren eredua ere bera dela agerian geratu da, ezkerreko alderdien esanetan, eta EAJ horren «hirugarren hanka» dela, horixe erakutsi duela bi alderdiekin gobernatu duenean. Gainera, jeltzaleek aurkeztu berri duten proposamen sozioekonomikoak ez duela «inor harritu» diote, «orain arte indarrean egon denaren segida» besterik ez dela iruditzen zaielako.

Hori guztia ikusirik, lau alderdiek landutako proposamena gizarteratuko dutela jakinarazi dute, eta EAJri horren inguruan eztabaidatzeko gonbita egin diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.