Ibarretxe plana

Proposamena eztabaidatu arte "zalapartarik ez sortzeko" eskatu du EAEko lehendakariak

Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak ohar baten bidez azaltzen duenez, irailean Eusko Legebiltzarrean egingo den Politika Orokorreko osoko bilkuran aurkeztuko du bere proposamena. 'El Correo Español', 'El Diario Vasco' eta 'Abc' egunkariek Ibarretxe Planaren zirriborro bat filtratu dute gaurko euren aleetan, eta argipenak emate aldera atera duen oharrean, proposamena aztertu arte "zalapartarik ez sortzeko" eskatu du.

2003ko uztailaren 23a
17:46
Entzun
Ibarretxek kaleratu duen oharrak dioenez, Correo taldeko hiru egunkariek kaleratu duten filtrazio horretan jasotzen den informazioan "esku artean lantzen ari garen zortzi zirriborroetatik bati buruz" hitz egiten da.Abuztuan zirriborro horiekin lanean jarraituko duela azaldu du lehendakariak, irailean, Gobernuaren izenean, eztabaida hori eramateko Eusko Legebiltzarrera. Proposamen hori "bizikidetza plan bat" dela ohartarazi du, eta bien bitartean, "inor ez dadila urduri jarri eta zalapartarik ez sortzeko" eskatu du Ibarretxek.

Hiru egunkari horiek kaleratu duten informazioaren arabera, Ibarretxe planak Gernikako Estatutua aldatzeko estatutu berri bat proposatzen du, eta erreferendumaren bidez herri kontsulta demokratikoak egiteko bidea aurreikusten du. Halaber, Euskal Herriak "bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea" duela dio filtratutako informazioak, eta "Espainiarekin atxikipen librean oinarritutako bizikidetza hitzarmen politiko bat adosteko borondatea" jasotzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.