Protestekin, eskolekin eta lan eginez 'ospatu' da urriaren 12a

Ertzaintza oldartu zaie ultraeskuindarren kontra protestan ari zirenei; hamabost lagun atxilotu dituzte, eta hainbat zauritu diraZenbait instituziok muzin egin diote Hispanitatearen Egunari, normal lan eginez

Espainiako ultraeskuindarren aurka elkarretaratu ziren antifaxistei gogor oldartu zitzaien Ertzaintza. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Bi aurpegi izan zituen Hispanitatearen Egunak Hego Euskal Herrian. Alde batetik, espainiartasunaren ospakizunari muzin eginez normal aritu ziren instituzio, erakunde eta herri mugimenduena, eta, horren ifrentzuan, Bilbon zenbait talde ultraeskuindarrek egindako deialdia dela-eta sorturiko istiluak, elkarretaratzearen kontra protestan ari zirenei Ertzaintza oldartu zitzaienean.

Espainiako zenbait erakunde ultraeskuindarrek «Espainiaren batasuna» aldarrikatzeko elkarretaratze bat antolatua zuten Bilboko Albia lorategietan, 13:30ean. Horri erantzuteko, 12:00etatik aurrera «lorategiak okupatzeko» deia egin zuten zenbait herri mugimenduk, Euskal Herria faxismoaren aurka lelopean.

Eguerdia baino lehenagotik, Ertzaintzak guztiz hartuak zituen inguru guztiak. Gutxienez dozena bat furgonetak zaintzen zituzten bazterrak, eta Colon de Larreategi, Berastegi eta Mazarredo kaleetan paratutako ertzainek lorategietara hurbildu nahi zutenei bidea galarazten zieten. Kalez jantzitako ertzain ugari ere bazebilen inguruetan.

Ertzaintzaren oldarraldia

Manifestariak Kale Nagusian bildu ziren, El Corte Ingles saltokiaren parean, eta 13:00etan, Berastegi kaletik aurrera egiten saiatu zirenean gertatu ziren lehenengo istiluak. «Zuek, faxistak, zarete terroristak», «Utzi bakean, alde hemendik» eta antzeko oihu artean, ertzainak oldartu zitzaizkien manifestariei, eta horiek botilak, harriak eta suziriak bota zizkieten poliziei. Orduan gertatu ziren lehenengo atxiloketak: bi gazte eraman zituzten Justizia Epaitegiaren egoitzara, horietako bat ahoa odoletan zuela.

Ordu erdi geroago, berriro bildu ziren manifestariak Kale Nagusian, eta berriro sakabanatu zituzten ertzainek gomazko pilotak jaurtiz. Hortik aurrera, etengabe gertatu ziren lasterraldiak, pilotakadak eta atxiloketak. Orotara, hamabost lagun atxilotu zituzten, Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera.

14:40an, ultraeskuindarren hiru autobus iritsi ziren lorategietara. Hirugarren autobusean istiluak izan ziren autobusetik jaitsi nahi zutenen eta ertzainen artean. Autobuseko su itzalgailuak hustu zituzten ertzainen kontra, eta poliziek denak banaka jaitsiarazi, arakatu eta haietako bat atxilotu zuten. Beisbol bate ugari kendu zizkieten.

Beste bi autobusetan zihoazen ultraeskuindarrek, ehun inguruk, ekitaldi politikoa egin zuten Albia lorategietan. Ekitaldian hitz egin zuten eledunek esan zuten «separatistak» traidoreak direla «eta horrela tratatu behar dira». «Gutxi gara, baina hemen gaude», esan zuten, independentismoaren kontra «arma guztiak» erabiltzeko prest daudela adierazi baino lehen.

Ekitaldiak iraun zuen bitartean, inguruko kafetegi eta etxebizitzetako leihoetatik ultraeskuindarren kontrako txistu, oihu eta irain ugari entzun ziren.

Diputazioa, lanean

Gainerakoan, hainbat instituziok normaltasun osoz aritu ziren lanean, Hispanitatearen Egunari muzin eginez. Gipuzkoako Diputazioak, esaterako, arreta egin zien bertaratutako herritar guztiei. Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Carlos Urkijok iragarri du helegitea jarriko dutela erabaki horren kontra. Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Bilduk agintea duen udalerrietan ere normal aritu ziren lanean.

Urtero egin ohi duen bezala, Ikasle Abertzaleak taldeak eskolak antolatu zituen Hego Euskal Herriko 29 herritan, «jaiegun inposatu eta arrotz honi» erantzuteko, eta aukera baliatu zuten Euskal Eskola Nazionala «apurka-apurka eraikitzeko» deia egiteko.

Bestelako protestak ere izan ziren. Espainiako armadak Hispanitatearen Egunaren karietara antolatu ohi duen desfilearen parodia egin zuen KEM talde antimilitaristak Bilbon. Gastu militarrek gizarteari eragiten dioten kalte ekonomikoa salatzeko, osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak fusilatu zituzten antimilitaristek.

Denak ez ziren protestak izan. Guardia Zibilak ospakizunak egin zituen Hego Euskal Herrian dituen egoitzetan, eta Madrilen antolatutako ekitaldietan Yolanda Barcina Nafarroako presidentea eta Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen ordezkari Irune Agirrezabal egon ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.