Bake prozesuek aukera ematen dute jokaleku politiko, sozial eta ekonomiko berriak sortzeko, eta akordio politiko integratzaile eta iraunkorrak egiteko oinarriak finkatzen dituzte. Bakea egin egiten da, prozesu bat da, eta bide hori eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da gizarte zibilaren parte hartzea ahalik eta pluralena izatea, prozesua lagundu, sendotu eta bermatzeko. Prozesua zilegitzeko.
Ondorio horietara iritsi dira joan den asteburuan Donostiako Miramar jauregian egin den mintegian parte hartu duten herritarrak. Euskal Herriko eskubide zibilen aldeko ekimenak antolatu du mintegia, eta bakea eta normalizazio politikoa lortzeko Euskal Herrian sortu den aukera berriari gizarte zibilak zer-nolako ekarpena egin dezakeen aztertu dute. Horretarako, nazioarteko hainbat prozesutan funtsezkoak izan diren ekimen eta parte hartze moldeak aztertu dituzte, eta Euskal Herriko gatazkaren testuingurura ekarri dituzte, gatazka horien lekuko izandako CR Conciliation Resources Erresuma Batuko gobernuz kanpoko erakundeko bi kideren laguntzarekin. Era berean, Euskal Herrian eskubide zibilen aldeko mugimendu plural bat nola sortu aztertu dute, egun martxan den ekimenak dituen indarguneetan eta ahuldadeetan sakonduz.
Gerraren eta bakearen diskurtsoak
Mintegiaren lehen saioan, eztabaidarako testuingurua zehaztu zuten parte hartzaileek. Andy Carl CRko zuzendari exekutiboak gidatu zuen eztabaida.
Carlek azaldu zuenez, gatazka guztietan bi diskurtso nagusi daude, eta denboran zehar eta modu paraleloan egiten dute beren bidea: horiek dira gerraren diskurtsoa eta bakearen eraikuntzaren aldeko diskurtsoa. RCko kidearen arabera, konponbide prozesu bat abian jartzeko, ezinbestekoa da herritarrak gerraren diskurtsotik urrundu eta bakearen aldekora ekartzea, «alfabetatze politikoaren» bidez. Prozesu horretan politikariek, komunikabideek eta gizarte eragileek egiteko garrantzitsua betetzen dutela nabarmendu du. «Herritarrek jakin behar dute zeintzuk diren beren eskubideak, eta horiek artikulatu behar dituzte».
Pentsaera aldaketa hori gauzatzeko, Carlek uste du gatazka konpontzearen alde egin diren saioen azterketa egitea ezinbestekoa dela. «Beti kontatu izan zaigu gerraren kontakizuna, baina oso garrantzitsua da bakearen alde egin diren saioen kontakizuna ere aztertzea».
Kolonbiako agintari batek esandakoa —«etorkizuneko bakea azken prozesuaren hondarrekin eraikiko dugu»— hizpide hartuta, Euskal Herrian bakearen alde egin diren diskurtsoengako izan diren momentuak, aldaketa esanguratsuak, protagonista nagusiak eta diskurtsoaren eraikuntzan eragina izan duten kanpoko eragileak seinalatzeko eskatu zien RCko kideak parte hartzaileei.
Xibertako elkarrizketetatik Loiolako azken negoziazio prozesura, Lizarra-Garaziko akordiotik pasatuta, euskal gatazkaren historia hurbilaren gainbegiratua egin zuten. Parte hartzaileek agerian utzi zuten moduan, bakearen eta gerraren diskurtsoak bereizteko arazoak daude gaur egun. «Bakeaz hitz egiten denean, ez dago definizio bateraturik». Batzuentzat, ETA da euskal gatazkaren adierazpen bakarra, eta erakunde armatua desagertuta gatazka amaituko litzatekeela uste dute.
Mintegian parte hartu dutenen arabera, baina, beste diskurtso bat nagusitzen da Euskal Herrian: erakunde armatua desagertuta ere gatazka ez litzatekeela amaituko dioena, alegia. «ETA amaitzean, gatazka zibil gogor bat biziko dugu. Izan ere, gatazkaren izaeraren inguruan ikuspuntu ezberdinak ditugu, baita hemen bilduta gaudenok ere», azaldu zuen parte hartzaileetako batek.
Aipamen horrek eztabaida bizia eragin zuen, eta lehen saioko ondorio nagusietako bat utzi zuen. Etorkizunean ere eraginkorra izango den diskurtso bat sortu behar da, eta, horretarako,ezinbestekoa da bakea nahi duten alde guztiak integratzea, euskal gatazkari buruz egiten duten interpretazioak ezberdinak izan arren, eta hauteskunde interesak alboratuz. «Eskubide zibilen aldeko mugimenduak ahalik eta zabalena izan behar du, etorkizuneko gatazka zibilaren gogortasuna murrizteko».
Bake prozesuen demokratizazioa
Eskubide zibilen aldeko mugimenduek bake prozesuetan egin dezaketen ekarpenez aritu ziren mintegiaren bigarren saioan,CRko Sophie Haspeslagh analista politikoaren eskutik. Hark azaldu zuenez, geroz eta erakunde gehiagok ikusten dute beharrezkoa gizarte zibilak konponbide prozesuetan parte hartzea. «Elkarren aurka dauden taldeak ez dira nahitaez gizarte talde ezberdinen interesen ordezkariak», nabarmendu zuen.
Nazioarteko adituaren arabera, bake prozesua elkarren aurka dauden taldeek soilik eraikitzen badute «mezu arriskutsu» bat zabaldu daiteke gizartean. Haspeslaghen irudiko, indarkeria erabili ez duten gizarte sektoreek zein sektore ahulenek pentsa dezakete konponbide prozesutik kanpo geratu direla. Era berean, indarkeriaren erabilerak «prezio» bat izan duela eta eraginkorra izan daitekeela zabaldu daiteke herritarren artean, eta horrek ahuldu eta arriskuan jar dezake bake prozesua, Haspeslaghen arabera.
Hori hala, RCko kideak uste du bake prozesu «integratzaileak» sustatu behar direla, prozesua zilegitzeaz gain, aurrera begira sor daitezkeen arazoei aurre egiteko baliagarria ere badelako jarduteko modu hori. «Prozesuan zer gertatzen ari den ulertzea gakoetako bat da akordioa onartzeko eta negoziazioetan egin behar diren kontzesioak ulertzeko».
Horrekin batera, Haspeslaghek dio gisa horretako prozesuek «eztabaida politikoaren balioa» zabaltzen dutela gizartean. «Kontuan izan behar dugu bake akordioak beti egongo direla etorkizuneko eztabaida politikoaren eta publikoaren oinarrian».
Nazioarteko gatazketako adituak nabarmendu duenez, konponbide prozesuak ez dira amaitzen indarkeriazko ekintzak amaitzeko akordioekin. «Bake itunek bake prozesuaren hasiera ezartzen dute». Konponbide prozesuek herri baten etorkizuneko jokaleku politiko, sozial eta ekonomikoan eragiten dutela dio, eta prozesuan gizarteko sektore ezberdinen parte hartzea zabala bada horrek etorkizunetako gobernabidean asko lagunduko duela. «Parte hartzea zabala bada, gehitu egiten dira lantzen diren gaiak, gatazkaren egiturazko arrazoiak barne».
Haspeslaghek azaldu duenez, prozesuaren hainbat unetan susta daiteke herritarren parte hartzea. Gogoratu du elkarren aurkako taldeek lehen akordio batera iritsi ondoren gertatu delazenbait kasutan. «Zenbait kasutan akordio militarrak eta segurtasunekoak beharrezkoak dira prozesua abiatu ahal izateko, eta horiek diskrezio handiagoa eskatzen dute».
Beste kasu batzuetan, elkarren aurkako taldeak mahai berean esertzeko, prozesuaren testuingurua ezartzeko edota agenda zehazteko gizarte zibilaren parte hartzeak berebiziko garrantzia izan duela nabarmendu du.
Parte hartze moldeei dagokienez, hiru eredu azaldu ditu Haspeslaghek. Batetik, alderdi politikoen bidezko parte hartzea. Hots, alderdi politikoak talde sozialen ordezkari gisa parte hartzea prozesuan. Prozesu horien adierazle izaten dira gutxieneko adostasunaren ideia, hauteskundeak eta erreferendumak. Bide horrek, halaber, alderdi politiko eta aliantza berriak sortzen dituela nabarmendu du.
Gizarte zibilak prozesuan aholku emaile gisa parte hartzea da beste parte hartze egitura bat. Haspeslaghek azaldu duenez, halako ereduetan prozesua eztabaida politikotik herritarren eguneroko eztabaidetaraekartzen da, eta haiek ekarpenak egiten dituzte negoziazioek aurrera egiten duten bitartean, modu paralelo batean.
Hirugarren eredua herri mailako parte hartzea sustatzea da. Haspeslaghen arabera, modu horretan sektore zehatz batzuen gaiak txertatzen dira negoziazio agendan.
Ereduak eredu, RCko kideak nabarmendu du parte hartze moldeak zehazteko orduan herri bakoitzaren «ohiturak» eta parte hartze moldeak baliatu behar direla. Instituzioen, alderdi politikoen zein gizarte mugimenduaren presentzia gizarte sektore zabaletara hedatzen den herrialdeetan eragile horiek rol garrantzitsua jokatzen dutela gogoratu du, besteak beste, gatazkaren konponbidetik kanpo gera daitezkeen zenbait sektore (emakumeak, gazteak...)eta haien aldarrikapenak prozesura ekartzeko orduan. Horrekin lotuta, Haspeslaghek interes handia erakutsi zuen Ahotsak ekimenari buruz parte hartzaileek eman zituzten azalpenetan.
RCko kidearen hitzaldiaren ostean, eta ariketa gisa, mintegian parte hartu zutenek iaz sortutako eskubide zibilen aldeko ekimenaren ezaugarrietan sakondu zuten; bereziki, ahulguneak indargune nola bihurtu aztertu zuten,eta eztabaidan agerian geratu ziren eskubide zibilen aldeko mugimendu plural bat sortzeko egun dauden zailtasun batzuk: definizio falta, diskurtso desegituratua, konfiantzarik eza, sektore jakin batzuek mugimendua modu interesatuan erabiltzea, politikarien mesfidantza...
Arerioak mahaiaren alde berean
Mintegiaren azken saioa Igor Filibi EHUko irakasle eta nazioarteko gaietako adituaren eskutik etorri zen. RCko kideek egindako irakurketaren ildotik, Filibik nabarmendu du prozesu bat abian jartzeko «hizkuntza aldaketa» ezinbestekoa dela. «Bakeaz hitz egitea elementu baikorra eta eraikitzailea da, herritarren gogoan eragiten du eta horrek batu egiten du». Hala ere, uste du «sektore guztietan» daudela aldaketari beldur diotenak eta konponbidea oztopatu nahi dutenak, «dirua, boterea, eragina, lana eta beste gal dezaketelako». «Bakeari beldur diote, ez baitute testuinguru hori kontrolatzen».
Filibik dio «etxe guztietan» aztertu behar dutela zein ari den konponbidea oztopatzen, eta mahaiaren alde bakoitzean nor kokatzen den definitzen duten terminoak aldatu behar direla esan du. «Konponbidearen alde daudenak mahaiaren alde berean jarri behar dira, eta oztopatzaileak beste aldean».
EHUko irakasleak uste du jokaleku berri horrek aliantza berriak sortzen dituela eta gatazkaren definizioa ere aldatzen duela. «Bake prozesuetan integraziora ohitu behar dugu, ondoren sortuko den bake egoera hobeto kudeatu ahal izateko»
Prozesu integratzaileak
Adituen arabera, indarkeriazko ekintzen amaiera ez ezik, jokaleku politiko eta ekonomiko berriak sortzeko aukera ere ematen dute konponbide prozesuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu