Prozesu politikoaren alde azaldu dira nazioarteko hainbat sindikatu

«Babes osoa» azaldu diote «ezker abertzaleak bultzatutako alde bakarreko prozesuari»

Sindikatuetako ordezkariak, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Nazioarteko hainbat sindikatuk elkartasuna eta babesa adierazi diete «Euskal Herriari eta dagokion autodeterminazio eskubide zilegizkoari», atzo Iruñean ezagutarazitako ebazpen baten bidez.

Izan ere, sindikatu horiek parte hartu dute LABek antolatutako Nazioarteko Jardunaldian, Nafarroako hiriburuan gaur eta bihar egingo duen Biltzar Nagusiaren bezperan, eta Euskal Herriko prozesu politikoaren aldeko ebazpena onartu zuten atzo.

Ebazpen horretan, Euskal Herria «garai historiko batean» dela diote sindikatuek, eta «babes osoa» adierazi diote «ezker abertzaleak bultzatutako prozesu alde bakarreko eta demokratikoari». Sindikatu horiek uste dute«Euskal Herriaren eta Espainiako eta Frantziako estatuen arteko gatazka politikoa bide demokratikoen bidez gainditu ahal izateko urrats positiboak» eragin dituela prozesu horrek.

Urrats positibo horien artean, nabarmendu dute iazko urrian Donostiako Bakearen Etxean egindako Nazioarteko Konferentzia, «non Kofi Annanek eta gisa horretako nazioarteko pertsona ezagunek Espainiako Gobernuari negoziazio bideak zabaltzeko eskatu zieten, baita euskal jendartearen gehiengoaren nahia errespetatzeko ere».

Sindikatuok salatu dute nazioartetik dei hori egin arren Espainiako eta Frantziako estatuek oraindik uko egiten diotela Euskal Herriari «bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea aitortzeari», eta, era berean, «bide errepresiboari eusten» tematzen direla. Horren harira, LAB sindikatuko idazkari nagusi ohi Rafa Diez askatzeko exijitu dute sindikatuek.

36 sindikatu

Guztira 36 sindikaturen izenpea du ebazpenak: Andaluziako SAT, Aostako SAVT, Aragoiko IA-CUT, Argentinako ATE eta CTA, Asturiasko CSI, Brasilgo CTB, Bretainiako SLB, Frantziako Solidaires, Galiziako CIG eta CUT, Greziako PAME, Groenlandiako SIK, Guadalupeko UGTG, Hegoafrikako NUMSA, Herrialde Katalanetako COS, IAC eta CSC, Indiako CITU, Italiako USB, Kanakyko USTKE, Kanaria uharteetako Intersindikala, Korsikako CTC, Pakistango GFTUP, Palestinako ILCU, Portugalgo CGTP, Saharako UGTSARIO, Sardiniako CSS, Turkiako DISK, Zipreko PEO, Uruguaiko PIT-CNT, Venezuelako UNETE, Vietnamgo VGCL, FSM Munduko Federazio Sindikala eta UIS-Merkataritza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.