Prozesuari begira, pazientziaz jokatzeko aholkatu du Ahtisaarik

Ezker abertzaleari esan dio negoziatzeko prest agertzea dela gatazkaren konponbide baketsua lortzeko bitarteko onena

Erredakzioa
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Martti Ahtisaari Finlandiako presidente ohi (1994-2000 urteetan) eta Bakearen Nobel saridunak (2008. urtean) asteazkenean Europako Legebiltzarrean esandakoaren arabera, Euskal Herriko gatazka luzea da, eta konponbidea ez da etorriko egun batetik bestera; horregatik, haren ustez, pazientziaz jokatu behar da konponbideari begira, eta negoziatzeko prestasunari eta prestasunaren mezuari eutsi behar zaie. Ahtisaarik ongietorria eman dio ETAren jardun armatuaren behin betiko amaieraren iragarpenari, eta ezker abertzaleari esan dio jarrai dezala haren mezua igortzen: «Negoziatzeko prest agertzea da bitartekorik eraginkorrena gatazkaren konponbide baketsua posible egingo duen aldaketa bultzatzeko», adierazi zuen, asteazkenean.

«Luze iraun duen gatazka batean, ez da harrigarria horrelako egoera berri batean jendeak nahi izatea agintariak berehala negoziatzen hastea, iragana ahaztuta», esan zuen; baina pazientzia eskatu zuen, gauzak ez direlako iritsiko egun batetik bestera.

Annan eta Powell

Pazientzia eskatu zuen, eta ezker abertzaleari aholkua eman zion haren mezuari eusteko, «nahiz eta, itxura batean, ezer ez mugitu» haien herrian eta Europako Batasunean. Finlandiako presidente ohiak gogorarazi zuen nazioarteko hainbat eragile Euskal Herriko gatazkaren konponbideari begira engaiaturik daudela, eta haiekiko konfiantza erakutsi zuen: «Kofi Annan, Jonathan Powell eta halako jendea daukazue zuen herrian lanean; horiek badituzte beharrezko kontaktuak lagungarri izan daitezkeenak, eta ziur naiz iritsiko dela negoziazio arrazionalak hasiko diren garaia», adierazi zuen.

Gatazkak konpontzeko bitartekaritzan eskarmentu handikoa da Ahttisaari, munduko hainbat herrialdetan jardun baitu lan horretan. Gatazka egoerak gainditzeko bakebideen eraikuntzan eragile lokal eta erregionalek joka dezaketen rolaz eztabaidatu zuten Europako Legebiltzarrean, asteazkenean, eta, Ahtisaarik ez ezik, hauek ere parte hartu zuten,besteak beste: Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteak, Didier Reynders Belgikako lehen ministrorde eta Atzerri ministroak, Pierre Vimont Europako Kanpo Ekintzarako Zerbitzuko idazkari nagusiak eta Erkki Tuomioja Finlandiako Atzerri ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.