PSE, EAJ eta EH Bildu Gasteizko aurrekontuak adosteko bidean dira

Gasteizko udal aurrekontuen inguruko eztabaida ostiralera atzeratu dute, talde politikoek denbora gehiago izan dezaten akordioa ixteko.

Maider Etxebarria
Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, artxiboko argazki batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
2024ko urtarrilaren 24a
11:40
Entzun

Litekeena da Gasteizek 2024ko aurrekontuak izatea aste honetan bertan, ezustean aukera zabaldu baita udal gobernuko bi alderdiek eta oposizioko buruak ados jartzea lor dezaten. Maider Etxebarria alkatearen gobernu taldea EH Bilduko zinegotziekin negoziatzen ari da, eta negoziazio horiek 2024ko aurrekontuak (458,9 milioi euroko kontuak) onartzera eramango duten ikusiko da ostiraleko aurrekontuen inguruko eztabaidan. EH Bilduko Rocio Viterok irabazi zituen udal hauteskundeak Gasteizen, baina Etxebarriak eskuratu zuen aginte makila, EAJren eta PPren babesari esker.

2016an, Gorka Urtaran (EAJ) alkate zela, egin zuten aurrekontuen inguruko itun bat EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk, baina Javier Marotok (PP) alkatetza eskuratzea eragozteko itun baten barruan erdietsi zuten. Orain, berriz, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian iritsiko litzateke itun hori, azkenerako berretsiko balitz, eta jokaleku politiko konplexu batean, itzal luzekoa baita PSNk eta EH Bilduk adostutako Iruñeko Udalean adostutako zentsura mozioa. Gainera, sozialistek eta ezkerreko independentistek Madrilen jositako harremanari ere aldiro-aldiro erreparatzen dio EAJk, eta hura da Etxebarria alkatearen bazkidea Gasteizko Udalean.

Negoziazioak, zabalik

Horiek horrela, negoziazioak «zabalik» daude aldeen artean, eta, zenbait eledunek diotenez, «azken asteetan» landu dira harremanak, akordio batek benetako aukerak zituela ikusita. Edonola ere, alderdiek ez dute esan nahi akordioa itxita dagoela, aurreikusten baita azken ordura arteko arituko direla negoziatzen. Aurretik zerga politikari buruz egindako eztabaidan, esaterako, ematen zuen laster jarriko zirela ados, baina, azkenerako, ez zuten lortu akordiorik, EH Bilduk bere ekarpenari buruzko «erabilera okerra» egingo zela aurreikusi baitzuen.

Ados jarri nahian dabiltzan hiru taldeek eskatu dute egutegi aldaketa, EH Bilduk, PSEk eta EAJk, zuzenketen eztabaida hasi baino hamar minutu lehenago.

Nolanahi ere, PSEk, EAJk eta EH Bilduk diskrezio osoz jarraitzen dute negoziatzen, filtrazioek edota adierazpen desegokiek bertan behera utz baitezake akordio baterako saioa. Ostirala da epemuga. Orduan egingo du osoko bilkurak zuzenketen inguruko eztabaida, gaurkorako zen mugarria bi egun atzeratzea erabaki ondoren. Egutegi aldaketa ados jarri nahian dabiltzan hiru taldeek eskatu dute, eztabaida hori hasi baino hamar minutu lehenago hain zuzen. PPk eta Elkarrekin Gasteizek ezezko botoa eman diote proposamenari, baina eskatzaileek aurrera atera dute aldaketa.

«Gasteizentzat ona»

Iñaki Gurtubai EAJko zinegotziak esan du «oso garrantzitsua» dela udalak aurrekontuak edukitzea, «eta egutegi aldaketak hori ekar» dezakeela. Gurtubaik erantsi du «Gasteizentzat ona» dela EH Bildurekin akordio bat egitea: «Bi aldeek borondatea dute, bai udalak bai EH Bilduk, aurrekontuak adosteko. Ea gauzatzen den».

EH Bilduko udal bozeramaile Rocio Viterok, berriz, hitz gutxitan azaldu du koalizio subiranistak aurrekontuen eztabaida atzeratzearen «alde» bozkatu duela, baina ez du adierazpen gehiago egin, negoziazioen diskrezioaren erakusle.

Amurrion ez

Gasteizko aurrekontuak onartzeko atea zabalik dauka oraingoz EH Bilduk, baina Arabako herri handienetako batean itxi egin berri du. Amurrion ez ditu aurrekontuak babestuko, uste duelako udal gobernuak baztertu egin duela bere proposamena. «Euskara saila indartzea eta lanpostuen balorazioa egitea» proposatu zuen EH Bilduk, «aurrekontu osoaren %0,3 baino gutxiago», baina EAJ eta PSEren udal gobernuak ez ditu aintzat hartu zuzenketa horiek.

EH Bilduren bozeramaile Jon Berganzak adierazi du aurrekontuan jasotako diru sail asko bere taldearen egitasmoetan «oinarrituta» daudela. «Historiako aurrekonturik handiena izan arren», ia aurrekontu osoa lotua dago jada, EAJren inbertsio politikaren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.