Eusko Jaurlaritzako lehendakari, PSE-EEren idazkari nagusi eta alderdiaren lehendakarigai Patxi Lopez PSE-EEren Arabako zerrendaburu izango da urriaren 21eko hauteskundeetan. Txarli Prieto Arabako idazkari sozialistak jakinarazi duenez, Lopezek formalki onartu du Arabako PSE-EEk egin zion gonbita. Lehendakari errepikatzeko hautagai ere izango da Lopez.
Arabar bat, sei bizkaitar adina
Berri agentziek PSE-EEren iturriak aipatuta zabaldu dutenez, lehendakariak duen «tiraldia» baliatzeko helburuz izango da Arabako zerrendaburu Lopez, izan dezakeen erakarpenari zukurik handiena atera nahian. Izan ere, gainerakoenak baino askoz balio handiagoa dute Arabako herritarren botoek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan; arabar baten botoak sei bizkaitarrenak adinako balioa du. Ordezkari kopuru bera dute EAEko hiru herrialdeek Legebiltzarrean, 25na. Baina herrialdeen artean alde handia dago populazio kopuruari dagokionez. Arabak, esaterako, Bizkaiak baino sei aldiz populazio txikiagoa du. Horregatik behar dira arabar gutxiagoren botoak Legebiltzarrerako ordezkariak aukeratzeko.
PSE-EEren Arabako zerrendaburua Lopez izango dela baieztatu zuen atzo Prietok, baina zerrenda nortzuk osatuko duten ez zuen argitu; ezta zerrendan bigarrena Arabako idazkari nagusiabera izango den ere. 2009ko hauteskundeetan, Prieto izan zen zerrendaburua. Prietok jakinarazi duenez, zerrendak osatzeko prozesuan da oraindik alderdia.
Datozen egunetan hautagaiak proposatzeko bilerak egingo dituzte Arabako herrietan, eta ondoren Arabako Zuzendaritza Batzordeak onartu beharko du behin-behineko zerrenda. Proposamena EAEko zerrenden batzordera igorri, eta Nazio Batzordeak larunbatean onartuko ditu Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako behin betiko zerrendak.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
PSE-EEren Arabako zerrendaburu izango da Patxi Lopez
PSE-EEren Nazio Batzordeak larunbatean onartuko ditu hauteskundeetarako behin betiko zerrendak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu