PSE-EEren botoei esker, onartu egingo da gaur Berdintasun Legea

SAk eztabaidaren ondoren erabakiko du zer bozkatu, «funtsezko gai asko eztabaidatzeke daudelako»

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
DONOSTIA
2005eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
PSE-EEko legebiltzarkide Gema Zabaletak atzo Berriari aurreratu zionez, bere alderdiak Eusko Legebiltzarrean gaur eztabaidatuko den Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako Legearen alde bozkatuko du. Hala, PSE-EEk bat egingo du bozketan EAJ, EA eta EBrekin eta Legea onartu egingo da.

Legearen tramitazioa «oso azkar» egin denez, «hobetu zitezkeen» hainbat gai eztabaidatu gabe geratu direla nabarmendu du Zabaletak. Hala nola Berdintasunaren Defendatzaileari buruzkoa: «Gu oso kritiko gara horrekin, gure ustez, erakunde hori Jaurlaritzatik at osatu behar delako. Halaber, emakumeen aurkako indarkeriaren gaia lege honetatik atera behar zela defendatu izan dugu; gai horrek, gure ustez, lege propioa behar duelako». Legea hobetu zitekeen arren, legeak aurrera egin behar duela uste du Zabaletak, berdintasunaren aldeko borrokan «aurrerapausoa» izango delako. Gainera, bere esanetan, lege honen eztabaidan gizarte eragile ugarik hartu du parte eta emendakin ugari aurkeztu dituzte. «Hori kontuan izan dugu gure jarrera erabakitzerakoan».

-rakel Peña (Sozialista Abertzaleak): SAk ez du argitu oraindik gaurko osoko bilkuran zer bozkatuko duen. Eztabaidaren arabera erabakiko du; izan ere, Rakel Peñaren arabera, oraindik ere «funtsezkoak» diren emendakin ugari eztabaidatzeke daude eta SA aldaketak sarrarazten saiatuko da gaurko bilkuran. 122 zuzenketa aurkeztu dituzte orotara, eta, horietatik 39 mantendu egin dituzte gaur eztabaidatzeko. Beste guztiak jasota daude legean. Zentzu horretan, Peñaren esanetan, emendakin horiei esker «asko hobetu» da hasierako lege proposamena: «Esate baterako, guk eginiko zuzenketa bati esker, atal batean Euskal Herri osoko ikuspegia jaso da». Hainbat alor ere hasieran «hankamotz» zeudela nabarmendu du, baina eztabaidari eta negoziaketari esker hobetu egin direla. Hala ere, salatu du kontsentsuko giroa zapuztu nahi izan dela hauteskundeak aurreratzearen ondorioz, eta eztabaidari ateak itxi zaizkiola. «Hirukoak hauteskunde interesak jarri ditu lege honen gainetik. Lege hobea egin zitekeen, eta, gainera, guztion oniritziarekin».

-bakartxo tejeria (EAJ): Bakartxo Tejeriak legearen eztabaidan hartu du parte hasieratik. Bere ustez, lege «ona» eta «ausarta» da gaur onartuko dena: «Alde batetik, berdintasunaren alorrean Administrazioak dituen eginkizunak zehazten ditu; eta, bestetik, Jaurlaritzaren eskumenekoak diren ia eremu guztietan esku hartzen saiatzen da. Hainbat neurri zehazten ditu, esaterako, partaidetza soziopolitikoa, kultura eta komunikabideak, enplegua, hezkuntza eta, familia eta lana uztartzeko eremua». Berdintasunerako Defentsa Erakundearen sorrera azpimarratu du. Tejeriak azaldu duenez, Europako hainbat herrialdetan abian dago eta «emaitza oso onak» eman ditu.

-karmele antxustegi (EA): Legea aurrerapusoa izango dela garbi du Karmele Antxustegik, eta onartu egin beharko litzatekeela. Gainera, legea eztabaidatzeko nahiko denbora egon dela nabarmendu du eta eztaida horrek legea aberastu egin duela. Berdintasuna lortzeari begira, bizitzako eremu ugaritan, politikoan esaterako, neurri egokiak planteatzen dituela uste du. «Eusko Jaurlaritzan %40 emakumeak izatea inportantea da».

-kontxi bilbao (EB): Lege honen alde egingo du EBk, arlo ugaritan eragina izateaz gainera, neurri garrantzitsuak jarriko dituelako abian. Horien artean, esaterako, Bilbaok aipatu du instituzioek urteko aurrekontuetan berdintasun politikak aurrera eramateko diru partidak bideratu beharko dituztela; edota diskriminazioa dagoen kultur jardueretan esku hartu beharko dutela administrazioek.

-

Legea



Hona hemen puntu nagusiak:

Berdintasunerako batzordeak: Diputazioek eta udalek berdintasun politikak bultzatzeko batzorde bana izan behar dute. Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzean ere eginkizun horiek betetzeko administrazio unitateak egotea agintzen du eta Sail arteko Batzordea eratzea. Halaber, administrazioen programak koordinatzeko Erakunde arteko Batzordea osatu behar da.

Parte-hartzea: Kultur jarduera batean bereizketa egiten bada, administrazioek ezin izango diote inolako laguntzarik eman.

Emakumeen aurkako indarkeria: Alde batetik, ikerketa, prebentzioa eta administrazioetako langileen trebakuntza hobetzeko bitartekoak bultzatzen ditu. Bestetik, biktimentzako arreta eta babesa hobetzeko neurriak zehazten ditu.

Berdintasunerako defentsa erakundea: Erakunde horren ardura izango da sexuaren ziozko diskriminazio kasuetan biztanleak defenditzea eta berdintasun printzipioaren betetzea sustatzea.

Arau-hausteak: Berdintasunaren defendatzaileari oztopoak jarri edo legearen zenbait printzipio urratzen dituenarentzat 900 eta 45.000 euro arteko isunak eta bost urte arteko inhabilitazioak aurreikusten dira.
Lanpostu publikoak: Baldin eta trebakuntzaren ikuspegitik emakumeen eta gizonen artean gaitasun bera badago, emakumeei emango zaie lehentasuna, administrazioko dena delako kidego edo eskalan emakumeak %40 baino gutxiago direnean. Gauza bera egingo da lehiaketa bidez bete beharreko lanpostuen kasuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.